Nafarroako Bertsolari txapelketaren finala

Iñaki Iturriotz
 
naftxa2010_eskuorria_azala
 
 
Lesakan izango da martxoaren 20an. Aurpegi berri asko izango dira aurtengo finalean, batzuk urteetako etenaren ondoren eta beste batzuk lehen aldiz. Emozioa eta lagun arteko lehia ez dira faltako.

Jendetsuak izan dira aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketaren kanporaketa saioak. Bildu dio aurtengorako aukeratu duten leloak eta urteetako lañaren emaitzak ikusi dira, bai entzuleetan eta baita taula gaineko jardunean ere.

Joan den astean Atarrabian erabaki zen zein zortzi bertsolarik kantatuko zuten Lesakako final handian: Julio Soto, Arkaitz Goikoetxea, Estitxu Arozena, Xabier Legarreta, Oskar Estanga, Xabier Terreros, Eneko Lazkoz eta Julen Zelaieta.
 
Final polita eskainiko dute bertsolariek. Alde batetik Julen Zelaieta, duela bi urteko txapelduna eta bertsolari umoretsua, ateraldi onekoa. Estitxu Arozenak ere aurtengoa izango du bere itzulerako finala. Urte askotan bertso eskoletan eta bertso plazetan aritutakoa da Estitxu, azken urteetan parte hartzaile izan ez bada ere.

Oskar Estanga eta Xabier Legarreta ezagunak dira bertsozaleen artean eta Julio Soto goi mailan ibili da Euskal Herriko Txapelketa Nagusiko finalerdietan. Xabier Terreros eta Eneko Lazkoz lehen aldiz sailkatu dira finalera eta aukera aprobetxatu eta gustora geratzen saiatuko dira. Arkaitz Goikoetxea aldiz, gipuzkoarra da eta Nafarroan lehen aldiz kantatuko du. Hainbat alditan kantatu du Euskal Herriko Txapelketa Nagusiko finalaurreetan eta txapela janzteko hautagaietako bat da.

Iñaki Iturriotz

2010, Martxoa 13
Arloa: Bertsoleku