Lea Artibai irabazle
Lea Artibaiko seikoteak irabazi zuen BBK sariketaren XVIII. edizioa Ipar Uribe eskualdearen kontra Bilboko Kafe Antzokian. Urteroko giro ona eta adar jotzea ez zen faltatu bertsolarien hasierako agurretan eta amaieran egin zuten puntukako saioan.
Arratsaldeko zazpietan puntual deitu zituen Bernardo Mandaluniz gai jartzaileak 18 urte arteko bertsolariak. Ipar Uribeko taldea Inazio Vidal, Peio Arondo eta Maialen Markaidak osatu zuten; Lea Artibaikoa berriz, Nerea Ibarzabal, Josune Aramendi eta Elene Lejarzegik. Erraz nagusitu zen Lea Artibaiko taldea adin honetan. Ofizioka eta bakarka egin zituzten lanetan seguru kantatu zuten eta horrek puntuetan ere izan zuen eragina.
19- 24 urte artekoen lehia estuagoa izan zen. Lea Artibaiko taldean Xabat Galletebeitia, Eneko Arrate eta Xabier Iturraspe aritu ziren kantari eta Ipar uribeko taldean Beñat Vidal, Peru Vidal eta Itsaso Paia. Atal honetan ere Lea Artibaiko taldea nagusitu zen baina orekatuagoa izan zen puntuazioa. Bakarkako lanetan asmatu ez zuten arren, ofizioka eginiko lanetan ale politak utzi zituzten.
Amaieran, Ipar Uribek 354 puntu lortu zituen eta Lea Artibaik 404. Bizkaiera egokien erabili duen bertsolariaren saria Aitor Arrutia, enkarterrietako taldearen ordezkariak eraman zuen eta finalista gazteenaren saria Josune Aramendi markinarrak hartu zuen.
Sari banaketaren ostean, parte hartzaile, antolatzaile, zaletu eta bertsoaren jarratzaileek ondo merezitako otordu gozo eta ederra izan zuten urtero bezala. Aurten gertatutakoak eta hurrengo urtera begira jarritako itxaropenak alaitu zuten pintxo batetik hurrengo pintxorako saltoa.