Finalerdietako plazak erabakita

Iñaki Iturriotz
benatBizkaiko Bertsolari Txapelketak egin du bere ibilbidearen lehen zatia. Bost kanporaketa jokatu dira Bizkaia osoko plaza desberdinetan eta dagoeneko argitu da zein hemezortzi bertsolarik kantatuko duten hiru finalerdietan.

Giroa berotzen ari da bertsozaleen artean. Hasierako saioen ondoren BECeko finalean kantatzea zer den dakiten bertsolariak sartuko dira lehiara. Etxahun Lekue, Onintza Enbeita, Arkaitz Estiballes, Iratxe Ibarra eta Fredi Paia.

Beraien kanporaketa irabazita zuzenean sailkatu diren Oihana Bartra, Jone Uria, Ibon Ajuria, Miren Amuriza eta Beñat Ugartetxea ere arituko dira kantuan eta baita sailkapena puntuazioz lortu duten Gorka Ostolaza, Arrate Ilaro, Peio Ormazabal, Gorka Lazkano, Xabier Enbeita, Eneko Abasolo, Xabat Galletebeitia eta Joseba Artza.

Parte hartzaileen adina eta esperientzia kontutan hartuz egongo da zer ikusia eta zer entzuna. Durangoko finalerdian adibidez, Etxahun Lekue, duela lau urte bigarren sailkatu zenak kantatatuko du. Jone Uria, 2009ko Euskal Herriko Txapelketa Nagusian zer esana eman zuen neska gaztearekin eta Xabat Galletebeitia, askorentzat ez ezaguna izan arren kanporaketan txukun eta dotore kantatu zuenarekin kantatuko du besteak beste.

Bigarren finalerdian Arkaitz Estiballesek kantatuko du eta kantu lagun Arrigorriagako Bertso Eskolan bere ikaslea den Peio Ormazabal izango du seikotean.

Gernikako finalerdian, bere etxean kantatuko du Xabier Enbeitak ere. Edizio gehienetan parte hartzaile izan da eta aurten finalerdian kantatzeko txartela eskuratu du Beñat Ugartetxea eta Joseba Artzaren ateraldiekin batera osatuko du bertsolarien zerrenda.

Lehen finalerdia, Durangon

Landako gunean
azaroaren 21ean, domeka
arratsaldeko 17:30ean

Bigarren finalerdia, Amorebieta-Etxanon
Zelaieta frontoian
azaroaren 28an, domeka
arratsaldeko 17:30ean

Gernika-Lumoko finalerdia

Jai Alai frontoian
abenduaren 5ean, domeka
arratsaldeko 17:30ean

Iñaki Iturriotz

2010, Azaroa 10
Arloa: Bertsoleku