Gasteizko Printzipal antzokira eta Iruñeako Labrit pilotalekura begira

Iñaki Iturriotz

2010-11-15-arabako-berrtsol

 

Aste santuak badatozela eta, zuetako asko ibiliko zarete planak egiten, nora joan. Baina oporren aurretik bertsoen trenak bere ibilbidean bi geraleku garrantzitsu ditu.

 

Apirilaren 2an ospatuko da Arabako Bertsolari Txapelketaren Finala Gasteizko Printzipal antzokian eta hurrengo astean Iruñeako Labrit pilotalekuak hartuko dio txanda Nafarroako Bertsolari finalarekin.

Arabari dagokionez, ohikoa izaten den moduan, afari giroko kanporaketekin abiatu zen txapelketa. Hiru finalaurreko jokatu ziren Zigoitian, Aramaion eta Agurainen. Ikusleen erantzuna bikaina izan da, aretoak betez eta bertsolariak txalotuz.

Finalerako ordea, sei eserleku baino ez daude eta lehia estu baten ondorioz sei bertsolari hauek lortu dute bertan kantatzea. Ander Solozabal, Manex Agirre, Zigor Enbeita, Iñaki Viñaspre, Asier Otamendi eta Oihane Perea.

Txapela nork jantziko duen ez dago batere argi. Ni ez nintzateke ausartuko kinielarik egiten. Izan ere, Asier Otamendik ondo baino hobeto daki zer den Arabako txapela janztea, Oihane Pereak eta Zigor Enbeitak ere izan dute txapela ukitzeko aukera eta hiru gazteak gogor datoz. Viñaspreren bertsoek izango dute umore kolperik, Agirrek bertsotan dotore eta modu sinesgarrian kantatzea zer den badaki eta Ander Solozabalek ere freskura emango dio seikoteari.

Nafarroa 2011

Nafarroan ere erabakita dago zortzikotea. Finalaren atarian geratu diren bertsolarien lan dotorea ahaztu gabe, Jon Barberena, Estitxu Arozena, Julio Soto, Xabier Silveira, Julen Zelaieta, Eneko Lazkoz, Oskar Estanga eta Xabier Terreros dira sailkatu direnak. Kontatuko dizuegu zer ematen duen Labriteko finalak.

 

 

Iñaki Iturriotz

2011, Martxoa 28
Arloa: Bertsoleku