Irazu eta Beñat Gaztelumendi finalaurrekoetarako bagoira igo dira

Iñaki Iturriotz

berria_10868Final laurdenetako bidea hartu du Gipuzkoako Bertso Txapelketak. Asko dira G puntuaren geltoki desberdinetan batzen ari diren bertsozaleak eta saioak orekatuak eta dotoreak izan dira aurreneko biak. Oñatiko Zubikoa kiroldegian Jexux Mari Irazuk lortu zuen aurrera joateko txartela eta hurrengo egunean Villabonan Beñat Gaztelumendi nagusitu zen.

Larunbat arratsaldez jokatu zen lehen final laurdena. Oñatiko Zubikoa kiroldegia bihurtu zen lehen geraleku. Jexux Mari Irazu nagusitu zen 502 puntu eskuratuta eta beste bertsolariak horrela geratu ziren puntuazioaren arabera: Agin Rezola 479,5 puntu, Beñat Lizaso 479 puntu, Iban Urdangarin 472 puntu, Iñaki Zelaia 468,5 puntu eta Iñaki Gurrutxaga 451 puntu.

Biharamunean G puntuak beste zita bat izan zuen Villabonan. Bertan Beñat Gaztelumendi nagusitu zen 501,5 punturekin eta gainontzen puntuazioak horrela izan ziren hurrenez hurren: Mantxik 480 puntu, Unai Agirrek 480 puntu, Unai Gaztelumendik 467 puntu, Ander Lizarraldek 440,5 puntu eta Andoni Otamendik 431,5 puntu.

Datorren asterako ere hitzorduak jarrita daude finalaurrekoetarako bidean. Beste geltoki bi larunbata eta igandean.

 
Urriaren 29an, larunbata, Hondarribiko Jostaldi pilotalekuan, arratsaldeko 17:30ean: Aitor Sarriegi, Alaia Martin, Iñigo Izagirre, Amaia Agirre, Nahikari Gabilondo eta Haritz Casabal.
Urriaren 30ean, igandea, Idiazabalgo Igaondo pilotalekuan, 17:30ean: Jon Martin, Uxue Alberdi, Nerea Elustondo, Ainhoa Agirreazaldegi, Felix Zubia eta Oier Aizpurua.

 

 

Iñaki Iturriotz

2011, Urria 24
Arloa: Bertsoleku