Hitzekin eta euskararekin jolastuz
Iñaki Iturriotz
Urtero legez, BERTSOGINTZA IKASTETXEETAN proiektua landuko du Bertsozale Elkarteak Bizkaiko hezkuntza arautuko hainbat ikastetxetan. Urteetako esperientzia lagun, sendotzen eta zabaltzen doan proiektua dugu berau eta aurton inoiz baino ikastetxe gehiagotara iritsiko da, gainera. Bertsozale Elkarteak, Ikastolen Elkartearekin sinatutako akordioaren ondorioz, hartu du ikastetxeetan eskolak emateko ardura nagusia, beti ere, ikastolen proiektu pedagogioaren barruan.
Maiatzera bitartean, 10 urtetik 16 urtera bitarteko ikasleak (6.000 ikasletik gora) bertsolaritzara eta euskarara hurbiltzea da asmoa. Beren beregi horretarako prestatutako materiala lagun, euskara, kultura, musika zein gizarte trebetasunak (jendeaurrekotasuna, elkarkidetza...) landuko dituzte bertso irakaslearekin, beti ere hitzekin eta hizkuntzarekin jolastuz. Azken batean, bertsolaritza eskola eremura zabalduta, euskararen erabilera bera ere bultzatzen da, gazteak euskarari lotuz.
Proiektua dagoeneko Bizkaiko herririk gehienetara zabaldu da eta bertan 55 udalek, Enkarterriko zein Txorierriko mankomunitateek eta 153 ikastetxeek parte hartzen dute.
KLASEKO LANA ZABALDUZ
Klaseko eguneroko lanaz gain, hainbat jarduera osagarri ere izaten dira ikasturtean zehar. Besteak beste bertso saioak, irratsaioak, bertso kantaldiak zein bilbertsoak. Bertso saioen helburua bertsolaritza gune naturalean ikusita ikasleen bertsotarako motibazioa areagotzea da. Irratsaioak Bizkaia Irratiarekin lankidetzan egiten dira eta azaroan hasi eta maiatzera bitartean astero astero izaten da Zortziko Txikia izeneko saioa. Astean ikastetxe batek prestatzen du saioa, gelan egindako lana uhinen bidez zabalduz. Bertso Kantaldiak, gitarrajolearen laguntzagaz, kurtso hasieratik ikasitako bertso eta kantak abesteko izaten dira. Eta, azkenik, Bilbertsoak izeneko bilduman batzen dira gelaz gela ikasturtean zehar batutako bertsoak.