Durangaldekoen talde lana
Durangoko taldeak irabazi zuen joan den ostiralean eskualdekako bertsolari gazteen BBK sariketa. Gazteen plaza dan sariketa entzuten bi taldeen, Lea Artibaiko eta Durangaldekoen zaleen berotasuna egon zen.
Arratsaldeko zazpiretan Bilboko Kafe antzokian jokatu zen aurtengo finala. Kanporaketetan erregularren aritu ziren bi taldeak, Durangaldea eta Lea Artibai izan ziren finalistak.
Durangaldeak 18 urte artekoetan Txaber Altube, Igor Uruburu eta Ane Alegria izan zituen parte-hartzaile eta Lea Artibaik Josune Aramendi, Naroa Loiola eta Elene Lejarzegi izan ziren. Maila ona eman zuten gaztetxoak. Ofizioka ondo kantatu zuten, gaiari erantzunez eta bakarrekoetan doinu luzeetara jo zuten.
Nagusien atalean, 18 urtetik gorakoetan talde orekatuak izan ziren. Durangaldea ordezkatuz Aitor Bizkarra, Julen Sololuze eta Eñaut Uruburu eta Lea Artibaitik Nerea Ibarzabal, Eneko Arrate eta Xabier Iturraspe. Maila oneko bertso saioak, ofizioka erantzuten, umorea emanez eta bakarka bertso dotoreak osatuz. Egia da, txapelketa nagusian parte hartuko dutenak eta duela bi urte parte-hartzaile izan zirenak ibili zirela kantuan.
Amaieran, Durangaldeak 421 puntu eta Lea Artibaik 382.
Durangaldeko hainbat bertsolari ezagun dabil gaur egun plazaz plaza baina joan zen egunean kafe antzokian entzundako bertsolari batzuk ere hemendik gutxira entzungo ditugu herriko jaietan.