Bizkaiko gurutzegrama osatzen
Aurrerantza doaz Bizkaiko eskualdekako txapelketak. Maiatzean eta ekainean zehar herri desberdinetara helduko da eta horrela apurka apurka eta bertsoz bertso osatzen joango da datorren udazkenean Bizkaiko Txapelketa Nagusian parte hartuko duten bertsolarien zerrenda.
Bi urterik Bizkaiak izaten duen zita da egunotan, eskualdekako txapelketa. Hasiera Enkarterrietan eman zitzaion. Bertan, Aitor Arrutiak jantzi zuen txapela. Jon Barrokalekin buruz burukoa jokatu zuen eta Barakaldon lehen aldiz irabazi zuen Aitor Arrutia Artzentalestarrak. Biharamunean Hego Uriben txanda izan zan, Bilboaldea eta Arrigorriaga, Galdakao inguruak hartzen dituen eskualdea. Hemen, Oihana Bartra santutxuarra erraz nagusitu zen eta aurten ere bere burura joan zen txapela. Durangaldean aldiz lehia estua izan zen. Gorka Lazkano eta Peru Magdalenak jokatu zuten buruz buruko estua eta Gorka Lazkanorentzat izan zen garaipena. Arratiako finala Iñaki Iturriotzek irabazi zuen Unai Ormaetxea zornotzarragaz kantatu ondoren. Lea Artibain ere Gorka Ostolaza eta Joseba Artzak bi urterik behin izaten duten zitan Gorka Ostolaza gailendu zen, duela bi urte Joseba Artzak irabazi bazion ere.
Aurrerantza Ipar Uribe eta Txorierriren txanda izango da datorren asteburuan eta Ekainean Busturialdeko txapelduna nor den jakingo dugu eta honenbestez zein bertsolari sailkatu diren Bizkaiko Txapelketara.
Egin beharreko lana berdina da eskualde guztietan. Ofizioka hiruna bertso zortziko handian eta zortziko txikian, eta bakarrean, puntuari erantzunak eta bi bertso neurri eta doinu librean gai baten inguruan. Bigarren fasera puntuazio gehien lortu duten bi bertsolariek egiten dute eta hamarreko txikian hiruna bertso kantau ostean, kartzelako lanean gai berari buruz hiru bertso doinu eta neurri librean kantatzen dute.
Informazio, argazki, bideo eta azken orduko berriak www.bizkaikotxapelketa.biz webgunean daude.