Bertsolari Txapelketa Nagusia, bertsoz bertso, herriz herri
Kanporaketak hasi zirenetik, hitzetik hortzera entzuten dira bertsolari eta bertsoarekin loturiko berriak, ez telebistan bakarrik, internet, sare sozialak, egunkari eta irratian besteak beste.
Sarrerak agortuta daude. Altsasun, Villabonan eta baita Legazpin ere. Ikusmina handia da saioen aurretik eta epaileek puntuazioa ematerakoan ikusleak boligrafoa eskutan egoten dira. Kinielak eginda daude, saiotik bueltan bertsozaleek azterketa zehatzak egiten dituzte baina orain arte emandakoa gogoratzea komeni da.
Villabonan Jon Martin nagusitu zen, bertsotan txukun. Baina bere arreba Alaia Martin ere hurbil ibili zen. Giro beroa izan zen Villabonan, hasierako nerbio puntuak pasatu eta bakarreko lanetan serio aritu ziren bertsolariak. Iker Zubeldiak eta Fredi Paiak jarri zieten umore apur bat saioari, beharrezkoa eta entzuleak asko eskertu zuena.
Markina-Xemeinen Agin Rezolak irabazi zuen. Ofizioka erantzuteko gaitasuna izan zuen eta bakarka ere lan osoa burutu zuen. Bigarren Jone Uria, teknika txukuneko bertsolaria eta akatsik egiten ez duena. Hirugarren sailkatuak, Onintza Enbeitak ez zuen eskuratu aurrera egiteko adina puntu.
Mugaz bestalde dago Hendaia. Beltzenia ezker paretean Julio Soto izan zen jaun eta jabe. Seguru aritu zen bertsolari nafarra, bertsoa goitik behera ekarriz. Amaia Agirrek egin zuen bigarren, batez ere puntu erantzunetan BECera heltzeko duen grinari kantatutako bertsoetan lortu zuen goitik egotea. Iñaki Zelaiak ere utzi zuen bertso gogoangarririk baina ez du aurrera egiterik lortuko.
Biharamunean Altsasun zen zita. Kartelean izen ezagun asko zeuden eta saioak ere izan zuen une bizirik. Beñat Gaztelumendik irabazi zuen, erraz. Dotore Beñat, kartzelako lanean abestu zituen orain arteko bertsorik puntuatuenak epaileen arabera. Jexux Mari Irazu, bertsolari esperimentatua eta txapelketetan ohituta dagoenak egin zuen bigarren. Xabier Silveira saikatu zen hirugarren eta Unai Agirre laugarren, puntu biko aldea izan zen bi hauen artean. Aurrera egingo dute Altsasuko lau bertsolariek.