Adar berriak musikaren panoraman

Kontaizu

bm08_0.jpg


bm08_1.jpg

Bizitzaren legea da: adar zaharretik aterako dira kimu berriak. Musika taldeetan ere, halaxe gertatzen da. Ibilbide jakin bat bete ostean, taldeak banatu egiten dira. Batzuk betiko agurtzen dira agertokietatik, baina badira doinuen harra barru-barruan sarturik daramatenak, eta jo ezean ezin dute bakerik lortu. Horixe gertatu bide zitzaion Etsaiak-eko Pauli Nok sortzea erabakitzeko. Etsaiak-en talde kide izan zituen Keuk eta Iñigitok egin bezala, Lekeitioko bateria jotzaileak abentura berri bati ekin dio, eta esperientzia horretan Podri (ahotsa), Laila (ahotsa), Joseba (baxua), Gusa (gitarra) eta Juanmi (gitarra) ditu bidelagun. Dbkatuak izenburua du Nok-ek aurkeztu duen estraineko lana. Amorotoko Musikorta et Donostiako Elkar estudioen artean grabatu zuten iragan urtarrila eta otsaila bitartean, Jean Phocas eta Paul bera soinu teknikari aritu zirelarik. Oihuka disketxeko Ritxi Aizpururen hitzetan, Dbkatuak lanak “kritikari itxaropen kutsua ematen dio, hotzikararik gabeko bizitzeko gogoa. Artaldetik ihesi doan ardi beltzaren hausnarketa debekaezina”.

bm08_2.jpg

Agertokietara itzuliko den beste bat BAP!! Taldean ahotsa jartzen duen Eneko Abrego dugu. Mikel Abrego (Negu Gorriak, Parafünk, Anari, Dub manifest, Fermin Muguruza kontrabanda), Drake (Anari) eta Borjarekin (Purr, Hotel) batera, Inoren ero ni taldea eratu du eta hurrengo egunetan izen bera daraman estreinako lana aurkeztuko du. Eta zerrendak jarraitzen du: Afrika Bibangek, Etsaiak taldearekin ezagutzera eman zen eta ondoren Fermin Muguruzarekin aritu zen berberak bakarkako ibilbideari ekin dio. Musika elektronikoa, rock and bluesa, soula, jazza eta beste zenbait iturritatik edan du jatorriz Ekuatore Gineakoa den euskaldun honek Entzun lana osatzeko. Proiektu honetan Ernesto Maestro eta Israel Monzonilloren laguntza eduki du. Afrikari buruzko datu gehiago nahi izanez gero, ondoko helbidera jo dezakezu: www.afrikabibang.com Hurrengo gonbidatuak oraindik ez dira ezagutzera eman, baina dagoeneko ari dira Elkarreko estudioetan aste batzuk barru Oihukarekin aterako duten diskoari azken ukituak ematen. Flyin’ Freak izena dute, eta bertan Idi Bihotzeko Mikelek, Gorka Barbak eta Alvaro Alonsok zein Noraezean-en ibilitako Pedro Hermosillak eta German Ulaciak parte hartzen dute. Flyin’ Freak taldea eratzearen ideia duela bi urte sortu zen, eta hasieratik argi eduki zuten metalaren eta heavyaren bidetik abiatuko zirela. Kontuan hartzeko taldeak ditugu hauek. Ez galdu haien arrastoa.

Kontaizu

2004, Ekaina 01