Bilboloop.Dantzarako rock musika dakarren jaialdia
Laugarren urtea izango da aurtengoa Bilbon Bilboloop musika jaialdia ospatuko dena. Urriaren 14 eta 15 izango da berau Bilborock aretoan. Horrela, egun bakoitzean hiru talde izango dira zuzenean arratsaldeko 20:30etatik goizeko 01:00etara.
Ostirala 14
Lehen eguna ostirala 14 izango da eta bertan Split 77 talde Bilbotarrak zabalduko du jaialdia. Bi disko plazaratu dituen taldea da Split 77. Azken lanak "Mentura" izenburua darama eta disko arrakastatsua izan da euskal entzuleen artean. Pop doinuak, Ingalaterrako rock musika eta doinu elektronikoak erakusten dituzte beren abestietan. Talde fina. Ondoren, Frantziatik etorriko den Babamars taldea izango da. Pariseko taldeak kritika ezin hobeak izan ditu azken bi urteetan musika aditu ugariren ahotik. Beren musikan aurki daitezkeen eraginak ugari dira, hala nola, Beach Boys, New Order, Beastie Boys edota Cindy Lauper moduko kantarien oihartzuna. Pop doinuak elektronikarekin nahastuak. Eta egun honetarako artista nagusi moduan beste Frantziar batzuk azaltzen dira, hain zuzen, Euskal Herrian hain maitatua den Experience taldea. Toulouseko taldeak 90eko hamarkadan musika independientearen eskena mugiarazi zuen Diabologum taldearekin. Bilbon bere lan berria aurkeztuko dute "La Révolution Ne Sera Pas Télevisée!". Rock musika intentsitate berezi batez jorratzen duen taldea da eta erritmo zurrunak melodia zainduekin nahasten dituzte. Zuzeneko bizia duen taldea.
Larunbata 15
Larunbateko kontzertuak Getxoko Standard taldeak zabalduko ditu. Talde gaztea dugu berau eta azken boladan zer esana ematen ari dena. Radio 3 eta Benicassim-eko musika jaialdiak antolaturiko "Proyecto Demo 2005" maketa lehiaketan garaile izan ziren eta baita "Bilbo Hiria Pop Rock" lehiaketan sarituak ere. Beren musika dantzarako egina da, gitarrak funk eta elektronikarekin nahasten dituzte, gaur egun mundu guztian hain modan dagoen dance-rock estiloa bereganatuz. Joy Division, Happy Mondays edota The Rapture moduko taldeak azaltzen dira beren eraginen artean. Ondoren, eta Berlinetik Electronicat arituko da. Honen atzean Fred Bigot mutila azaltzen da, electro pop estiloaren zabaltzaile nagusienetarikoa delarik bera. Musika honen alde ludikoena eta dantzagarriena jorratzen du David Bowieren itxura handia duen musikari honek. Depeche Mode moduko taldeekin lan egin du eta Bilbon beren seigarren lana den "Voodoo Man" aurkeztuko du. Eta azkenik, jaialdia bukatzeko, Belgikatik datorren Vive La Fête taldea izango da. Talde esanguratsua dugu berau, dantzarako musika berezia egiten dute. New Order, Iggy Pop, Sister of Mercy edota The Cure moduko taldeen eragin musikal zein estetikoa nabaria da, eta ez bakarrik Alberdi musikalari dagokionez, baizik eta alde estetikoa aintzat hartuta, Brigitte Bardot eta Jane Birkinen garaiko oihartzunak eta "Nouvelle Vague" garaiak ekartzen baitituzte gogora. Bukatzeko, aipatu ostiralean zein larunbatean dj saioak izango direla kontzertuen ondoren, Bullit Groove Club (Dos de mayo 3 kalea) eta Badulake (Hernani 10 kalea) tabernetan.