ANARI. BOST URTEREN ONDOREN…

Gotzon Uribe

bm25_1.jpg


bm25_2.jpg

Azkoitiako kantaria berriz ere albiste dugu egunotan. Bost urtetako isilaldiaren ondoren lan berria plazaratu berri du "Zebra" izenburupean. Lan ederra burutu du Anarik, eta disko pisutsu, intentso eta esanguratsu bat egin du. Honen aurretik bi disko plazaratu ditu, lehena 1997. urtean izan zen, bere izen bera zeraman diskoa. Kritika ezin hobeak izan zituen lanak eta Euskal Herriko musikagintzarako kantaera berria zekarren. Gerora, 2000. urtean bere bigarren lana argitaratu zen, "Habiak". Pj Harvey moduko kantarien oihartzuna azaltzen zen bertan. Momentuko kantariak, momentuko konparazioak, askotan desegokiak, baina bazeukan Anarik bere kantaera ilun eta sarkor horretan ingalaterrako kantariaren antza, zergatik ez?. Pj Harvey zein Cat Power-en ahots apurtua. Disko honetan aurrerantzean jarraitu beharreko bidea azaltzen zen, eta horrela folkaren mundutik rock musikak duen tentsioaz jantzi du "Zebra" bere azken diskoa. Zeren ez gaitezen erratu, Anariren disko berria "benetako rock disko bat" dugu. Moldaketa, kolore, intentzio eta jarrera jakin batekin burutua, eta guztia modu elegante batean aurrera eramana. Berarekin batera, taldekide, Inoren Ero Ni taldeko Mikel Abrego, Borja eta Drake izan dira. Hauekin batera gonbidatu bereziak parte hartu dute hainbat kantatan, hor daude Gernikako Audience taldeko Hannot eta Gaizka kitarrak, pianoak eta steel guitar-a jotzen. Hauekin batera ere Atom Rhumba taldeko burua den Rober-ek ere abesti batean euskaraz kantatu du. Disko bizia eta intentsioz betea du esku artean Anarik. Musika lasaia zein rock-aren tentsioa maite duen edonork gustuko izan beharko lukeena. Nick Cave eta Dream Syndicate taldea gogoko dituenak erosi beharreko diskoa. Seguraski urteko hoberenen zerrendetan azalduko den lana. Zuzenean ikusteko, otsailetik aurrera hasiko du aurkezpen bira.

bm25_3.jpg

 

MARA-MARA. UMEENTZAKO MUSIKAK

Umeek ere izango dute hemendik aurrera beraientzako musika entzuteko txokoa. "Mara-Mara" zigilua Jabier Muguruza iruindar kantariak sorturiko zigilu berria dugu. "Nire gorputza" deitzen da diskoetxearen estreinua dakarren lehen diskoa. Jabier Muguruzak zuzentzen du zigilua, Gintonic Producciones-en kolaborazioaz. Aurreneko lan honetan, Juan Kruz Igerabide idazlearen poemak biltzen dira, gorputz atalei buruzkoak. Poema horiek Muguruzak berak musikatu ditu eta hainbat umek kantatu dituzte. Mara-Mara, Jabier Muguruzaren aspaldiko ametsa dugu, azkenean martxan jarri ahal izan dena. Zigilu honek, umeen musikarekiko konplizitatea berreskuratzea du helburu. Urtean disko bat kaleratzeko asmoak ahalbidetuko du kontsumo azkarreko produktuetatik ihes egin ahal izatea, eta kalitate literario eta musikalari lehentasun erabatekoa eman ahal izatea. "Nire gorputza", helduek eginiko diskoa da, baina haurrek haurrentzat abestuta. Kalitate-konpromiso bat dago bertan, belaunaldi batek bestearekin hartzen duena, testua eta musika ulertzeko modu berezi bat transmititzeko. Horrela, lan honetan Juan Kruz Igerabideren maisutasun eta dotoreziarekin egingo dugu topo hitzetan, Jabier Muguruzaren esperientzia dakarrena beronen konposizio lanetan eta Mikel Azpiroz donostiar musikariaren esku fina azaltzen da ezkoizpen lanetan. Pop musika, reaggea, rock & rolla... lan alaia, dinamikoa eta sorpresaz betea, sail luze baten hasiera izatea espero dutena.

Gotzon Uribe

2006, Urtarrila 01