JOSETXO ANITUA & ATOM RHUMBA. LIVE!

Gotzon Uribe

bm26_1


bm26_2.jpg

 

Kafe Antzokia. Bilbao. 2005-05-13

Noizpop diskoetxeak disko berri bat plazaratu dugu egunotan. Joan den maiatzaren 13an, Bilboko Kafe Antzokian izandako kontzertu berezi eta bakar baten testigantza disko batean islaturik azaltzen da. Ruta 66 aldizkariak 20 urte bete zituen egun hartan, eta hau ospatzeko Josetxo Anitua (Cancer Moon) kantaria eta Atom Rhumba taldea batera aritu ziren eskenatoki gainean. Cancer Moon taldea gelditu ondoren, azken urte hauetan Josetxo Anituak hainbat artista eta konposatzailerekin batera kolaborazioak egin ditu. Hala eta guzti ere, hamar urte egon da eskenatoki bat zapaldu gabe. Atom Rhumba taldearekin beti izan duen adiskidetasunak eta Ruta 66 aldizkariko kolaboratzaile aintzindaria eta lagun den Fernando Gegundez-ek bultzatuta kontzertu hau egiteko aukera azaldu zen. Egun gutxitan eta entsegu gutxirekin, disko honetan aurki daitezken abestiak prestatu zituzten. Gau hartan, kontzertua ikusteko sarrera guztiak bukatu ziren. Hainbat lekutatik etorritako jende ugari bildu zen bertan. Orain, eta jendearen eskaerari erantzunez, Noizpop zigiluak kontzertu hura disko berezi batean plazaratu du, edizio mugatuko kaxa batean, non abestiez gain, liburuska bat ere badagoen, argazkiekin eta Josetxo Anituak berak idatzitako testuekin osatua. Gau hartan jo ziren abestiak bertsioak izan ziren: * Doc Pomus "Lonely Avenue" * Marc Bolan "Painball Love" * Velvet Underground "Lady Godiva’s Operation" * Caetano Veloso "Maria Bethânia" * Jonathan Richman & The Modern Lovers "These Conga Drums" * Them "Ì Can Only Give You Everything" * Art Ensemble of Chicago "Theme de Yo Yo" Disko osoa sonoritate batek zeharkatzen du hasieratik, Josetxo Anitua beraren kantaerak Atom Rhumba taldeak berezkoa duen instrumentazio propioarekin bat egiten du. Rock bizia, musika ulertzeko era bat. Benetako rock disko bat, tentsio handiko kantak, kolore ezberdinak, jarreraz eta bihotzez egindako lana. Bakarra. Rock musika maite duen orok bere bilduman eduki beharreko diskoa.

 

bm26_3.jpg

 

BRIXTON DISKETXEAREN NOBEDADEAK.

Bada Euskal Herrian Jamaikako musika oinarri izanda estilo zein azpi estilo honetako musika jorratzen duen disketxe berezi bezain espezializatua. Brixton records zigilua eta disko denda Bizkaiko Getxo udalerriko Erromo auzoan dago. Bertatik hainbat lekutako diskoak plazaratzeaz gain, kontzertu ugari antolatzen ditu eta baita erropa espezializatua saldu ere. Aurten nobedade ugarirekin datozkigu. Diskogintza industria jasaten ari den krisialdia kontuan izanda, Brixton disketxeko arduradunek apustua egiten dute estilo fidel bat jarraituz –reggae musika, ska, soul, jazz, funky doinuak…- diskoa cd formatoan eta baita biniloan ere plazaratzeko. Hona hemen zenbait nobedade erakusgai.

Begoña Bang-Matu. "I Am Thinking about you".

Madrilen bizi den emakumea baina jaiotzez Costa de Marfilekoa dena. Gurean Fermin Muguruzarekin abesten ikusi ahal izan dugu azken boladan, Kontrabandaren partaide moduan. Jamaikako jazz musika modernotik edaten duen kantaria da bera. Lan atsegin bezain dantzagarri honetan jazz, rocksteady, reggae edota soul musika dasta daitezke.

The Pepper Pots. Swinging Sixties.

Kataluniatik datorren taldea dugu berau. Hiru neska abeslari dituen talde alaia. 60 eta 70 hamarkadako jamaikak musika jorratzen dute. Sonoritate klasiko batetik abiatuta beren abestiak freskotasunez janzten dituen talde alaia da. Diskoaren diseinua ere asko zaintzen dute.

New York Ska Jazz Ensemble. Skaleidoscope.

New York-eko taldea dugu berau, Euskal Herrian hainbatetan izan duguna eta gurean jarraitzaile ugari dituena. Azkenengoz pasa den Bilboko Aste Nagusian izan ziren zuzenean. Lan berrian jazz musika reggaearekin uztartzen dute, eta bertan Sharon Jones soul kantari haundiak parte hartu du.

 

bm26_4.jpg

Nobedade hauez gain, aipatu Brixton disketxeak azpi zigilu bat ere sortu duela berriki "Silver Bullets" izenburupean, bertan talde gazteen lanak bilduko ditu. Honen adibidea egunotan plazaratu behar dituzten bi disko:

Soweto

Lau abestiz osaturiko disko laburra. Kataluniatik datorren taldea, ska eta rocksteady doinuak jorratuz.

Euridia. "Reggae Lovers".

Bilboko Akatz reggae taldean aritutako Ibon Larrucearen bakarkako diskoa. Musikari izateaz gain hainbat talderen diskoetan ekoizle lanean ere aritu izan da. Honetaz gain Brixton zigiluak banatzaile lanak ere egiten ditu, eta bere katalogoan Sugarman 3, Sharon Jones, Weapon of Choice edota Aspo moduko taldeak aurkitu daitezke. Euskal Herrian jamaikako musikari dagokionez erreferentzia bilakatu den diskoetxea da Brixton. Informazio gehiago: www.brixtonrecords.com

 

Gotzon Uribe

2006, Otsaila 01