BILBAO LIVE FESTIVAL

Gotzon Uribe

Azkenik Bilbo hiriak bere rock jaialdia izango du. Azken urteetan izandako saiakeretako porrotaren ondoren – Rockazoka 1998an, Bilbao Acción Rock 2004an- oraingoan, eta Last Tour International enpresa eragileak bultzatuta –Azkena Rock Festival eta Santander Summer Festival jaialdien antolatzaileak- uztailaren 13,14 eta 15ean Bilbok nazioarteko jaialdia izango du. Errekalde eta Altamira auzoen gainean dagoen Kobetamendi inguru naturalean ospatuko da jaialdia eta hiru egunetan 25 talde izango dira bertan. Antolatzaileen esanetan 20.000 lagun inguru espero dituzte egunean eta bertara igotzeko autobusak eta autoentzako aparkaleku ugari jarriko dituzte. 4 milioi euroko aurrekontua duen jaialdia da berau. Kontzertuak burutzeko bi eskenatoki eta dj guneak izango dira, guztira 70.000 metro karratu eta 40.000 kanpin dendak jartzeko. Honetaz gain disko eta arropa azoka ere izango da bertan, hala nola 6 karpanetan janaria eta edaria hartzeko aukera egongo da. Kontzertuak arratsaldeko 16.00etan hasiko dira eta goizeko 07.00ak arte iraungo dute. Aurten Bilboko Udala jaialdiari laguntza ematen animatu da, Beniccasim edota Madrid eta Bartzelonako jaialdi handien zirkuituan sartzeko berezko apustua eginez. Musika estiloari dagokionez, pop eta rock munduan mugitzen diren izarrak ekarri nahi dituzte Bilbora, Azkena Rock Festivalarekin alderatuta publiko zabalago batek ezagutzen dituen artistak lortu nahi dituzte. Aipatu azkenengo edizioetan Gasteizko jaialdiak arrakasta haundiz bildu dituela Iggy Pop and the Stooges, Ray Davies, New York Dolls, The Pogues edota Deep Purple moduko taldeak. Oraindik ez dituzte publiko egin taldeen izenak baina, hor daude, aukera ezberdinak, The Who taldea batzea, Morrisey kantaria, Neil Young, The Cure, Red Hot Chili Peppers edota Aerosmith taldeak. Informazio gehiago: www.bilbaolive.com webgunean.

bm27_1.jpg

 

ARTIC MONKEYS. MOMENTUKO TALDEA

Ingalaterra osoa zoratuta dabil talde berri honekin. Iparraldean dagoen Sheffield hirikoak dira eta hemeretzi urte dituzte. Taldea orain urte eta erdi sortu zuten eta beren lehenengo lana izango dena plazaratu berri dute. Orain urte bete inguru gazte arruntak ziren, gitarra jotzen ikasi berriak eta Ingalaterrako rock tradizioari eutsiz, The Clash, The Who eta The Kinks moduko taldeak oinarri hartuta beren abesti propioak egiten hasi ziren. Laster lortu zituzten zenbait kontzertu txiki, eta emanaldi horietan beren entsegu lokalean grabaturiko maketak zaleen artean banatzen zituzten. Ezezagunak ziren oraindik. Handik gutxira zaleak beren abestiak internet sarearen bitartez zabaltzen hasi ziren. Rock freskagarria jorratzen duen taldea, dantzarako rock musika. Pixkanaka pixkanaka eta ahoz aho eta internet sareak zabaltzeko duen indarrarekin beren ospea goraka joan da. Horren adibide da pasa den gabonetan nahiz eta oraindik diskoa dendetan eskuragarri egon ez, 3000 pertsonen aurrean Londresen eskainitako kontzertua. Diskoak errekor guztiak hausteko bidea darama, diskodendetan salgai jarri zen lehen egunean 60.000 disko saltzeko aurreikuspena zegoen, baina ordea kopuru hori bikoiztu egin zuten eta 125.000 disko saldu zituzten; Kaiser Chiefs, Franz Ferdinand eta Colplay moduko taldeen aurretik. Honekin batera, Alex Turner gazteak zuzenduriko taldea NME sarietarako lau sailetan hautagai dago: talde hoberenarena, talde berri hoberenarena, zuzeneko hoberenarena eta abestirik hoberenarena. Musika industra jasaten ari den krisialdiaren ondoren, gorabehera handiekin etorri den taldea da Artic Monkeys. Beren diskoak "Whatever people say I am, that`s what I`m not" du izena, urtarrilaren 23an plazaratu zen eta lehen astean 363.755 disko saldu zituen. Ikusi ahal den moduan, internet sareak mesede handia egin dion talde baten aurrean gaude. Informazio gehiago: www.articmonkeys.com

Gotzon Uribe

2006, Martxoa 01