EUSKAL HERRIKO JAZZ JAIALDIAK
GETXOKO JAZZ JAIALDIA
Uztailaren 1etik 5era 30 urte beteko ditu aurten Getxoko nazioarteko jazz jaialdiak. Aurtengo edizioan Eddie Palmieri & Afro-Caribbean Jazz All-Stars, Didier Lockwood-Cobham String Quartet, Philip Catherine Trio, Miroslav Vitous-John Abercrombie eta Benavent-Di Geraldo-Pardo hirukotea izango dira nagusiki beste batzuen artean arituko direnak. Aurreneko emanaldia Miroslav Vitous baxu jotzaileak eta John Abercrombie gitarristak osatutako bikotearena izango da. Uztailaren 2an, berriz, Eddi Palmieri pianistak erritmo latinoak eskainiko ditu, Afro-Caribbean Jazz All Stars taldea lagun duela. Carles Benavent baxu jotzaileak, Tino Di Geraldo bateria jotzaileak eta Jorge Pardo saxo eta flauta jotzaileak jazza eta flamenkoa konbinatuko dituzte hirugarren egunean. Laugarrenean, Philip Catherine gitarristaren hirukotea ariko da. Eta jaialdiaren azken egunean birtuosismo handiko bi musikari ariko dira elkarrekin eta beste bi musikarirekin: Didier Lockwood biolin jotzailea eta Billy Cobhan bateria jotzailea.Horretaz gain, taldeen lehiaketa, Hirugarren Milurtekoa atala eta jam-session-ak ere eskainiko ditu Getxoko Jazzaldiak.
GASTEIZKO JAZZALDIA
Uztailaren 8tik 14ra 30 edizio beteko ditu aurten Gasteizko Jazz jaialdiak. Jazz musikaz gain inoiz baino doinu flamenko gehiago izango dira entzungai aurten Gasteizen. Paco de Luciak, Enrique Morentek, Tomatitok eta Michel Caminok joko dute, besteak beste. Hala ere, berezko jazz musika jorratzen duten musikari garrantzitsuak ere izango dira, hala nola, Wynton Marsalis tronpetista, Sonny Rollins saxo jotzailea, Sergio Mendes brasildarra eta Brad Mehldau pianojolea. Mehldauk berak jarriko du jaialdia abian, uztailaren 8an. Behin baino gehiagotan aritu da Gasteizen. Musika elektronikoak ere izango du bere lekua, horrela uztailaren 10ean, Mendizorrotzan gau elektronikoa izango da, eta bertan Medeski, Martin & Wood hirukoteak joko du. Seguraski uztailaren 11ko saioak erakarriko du jende gehien, hain zuzen Paco de Lucia eta Wynton Marsalis-ek elkarrekin joko dute. Uztailaren 13an Sergio Mendesen txanda izango da. Samba, bossa nova eta hip hopa uztartzen ditu berak, eta biharamunean, batetik Enrique Morentek, eta bestetik, Michel Camino eta Tomatito izango dira. Ondoren, Sonny Rollins mitikoaren kontzertuarekin amaituko da astebeteko jazz jaialdia.
DONOSTIAKO JAZZALDIA
Uztailaren 21etik 26ra Urterik urte, Donostiako Jazzaldia jaialdi ospetsu bezain garrantzitsua bilakatu da. Bertan nazioarteko artista ugari ikusteko aukera dago,denak ere jazz estiloaren inguruan edo “alboan” mugitzen direnak. Donostiako 41. Jazzaldiak beste izen batzuen artean, Dr. John, McCoy Tyner Septet, Erykah Badu, Bela Fleck & The Flecktones, Herbie Hancock, Keith Jarrett Trio, Caetano Veloso, Solomon Burke eta The Neville Brothers aurkeztuko ditu jaialdiaren hiru gune nagusietan: Kursaaleko auditoriuma, Trinitate plaza eta Zurriola hondartza nahiz Kursaaleko kanpoaldea biltzen duen eremua. Hala ere jazz ortodoxotik kanpoko aukerak ere izango dira Jazzaldian. Caetano Veloso Brasilgo musikaren izen handiak Trinitate plazan abestuko du, eta Eykah Badu, soul musikak azkeneko hamarkadan eman duen kantari bikainetako bat, Kursaalean ariko da. Chano Dominguez New Flamenco Sound egitasmo berriarekin aurkeztuko da, eta Bela Fleckek countryaren eta jazzaren arteko hariak badirela erakutsiko du. Howe Gelb Giant Sand taldeko buruak ere proposamen ikonoklasta aurkeztuko du lehenengo egunean.