Makala selects boom shaka laka

Gotzon Uribe

bm36_1.jpg


Makala izengoitiaren azpian Mikel Unzurrunzaga Schmitz musikaria aurkitzen dugu. Zarauztarra bera, Makala moduan urte dexente daramatza Euskal Herrian eta hemendik kanpo musikaz janzten bere burua. Dj moduan ezaguna askorentzako, bere azken lana “Hondartzan” Metak diskoetxearekin plazaratu zuen, bertan jamaikar doinuak gustoko dituela azaltzen zuen. Disko hura zuzenera ere eramaten du, talde baten laguntzarekin, beren emaldiak dantzan gelditu gabe egiteko propio direlarik. Oraingo honetan “Makala selects Boom Shaka Laka” (Eitb 2006) diskoarekin datorkigu, egunotan dendetan aurki dezakeguna. Makala berak Euskal Herriko hainbat talderen kantuak aukeratu ditu disko bilduma interesgarria hau argitaratzeko. Horrela diskoa 14 kantuk osatzen dute, zein baino zein dantzagarriagoak. Hainbat talde eta artistak hartu dabe parte diskoan, besteak beste William S. Fischer, Jimmy Bidaurreta Feat. Mary Soul White, Makala bera, Ortophonk THC, 12 Tribu, Wagon Cookin, Akatz edota Santi Ibarretxe. Makala ezagutzen ez duzuenontzat, esan Zarautzen jaio zela 1970eko maiatzaren 23an eta bere bi pasio nagusietan, surfa eta musika, oinarritu du bere jarduera profesionala. Musikagintzan lehen urratsak 90. hamarkadaren hasieran eman zituen disko jartzaile gisa. Pixkanaka bere sesio eta emanaldiek gero eta musika anitzagoa bildu dute: afrobeatetik funkera, souletik reggaera, skatik hip hopera, boogalootik dubera, rocksteadytik jazzera, dena nahasita, xehetua, aise irensteko prest. Musika beltzak zor dion miresmenak alor horretan sakontzera eta bilduma zabal bat biltzera bultzatu du, tarteka "The Balde" zein "Entzun" aldizkarientzat kolaborazioak idatzi dituelarik. Planetako bazter ezberdinetako kluben eskariak jasoz, sesioak eskaini ditu Italia, Suiza, Alemania, Txekiar Errepublika, Belgika, Holanda, Frantzia eta Portugalen. Bere lehen diskoa “Makala plays Novophonic” (Novophonic / So Dens / Universal, 2002) deitzen zen. Sesio eder honetan, Mikelek Novophoniceko katalagoa nahasten du erakutsiz berea duen gaitasuna entzulearen arreta pizteko erritmoa galdu gabe, disko jartzaile on batentzat ezinebesteko oinarria dena. Grabaketak Mikelengan ekoizpenaren harra ernaltzen du eta diskoak bere lehen kanta jasotzen du, “Novocut’n’Pastephonic”, disko bereko hainbat sanplerrekin “kopiatu/itsatsi” teknikaren erabiliz garatutakoa. Lehen abentura horren ostean berak sortutako kantuen jarioa amaitezina da, single zein bildumetan bere influentzia musikalak azaleratuz. Besteak beste honakoetan parte hartu du: "No borders, No nations, No wars" (Duplikat Records 2003 Berlin), "Basque Electronic Diaspora vol. 3" (Metak, 2003), "Basque Planet" (Wagram, 2004), "Kaffeeburger der Sampler 1" (Duplikat Records, 2006) edota bajua eta ahotsarekin Javi Pez Orquesta "Sports" (Hitop 2004) eta Gailu "Pil Pil Sessions V.1" (Metak, 2002) besteak beste, "Hondartzan" (Metak, 2005) CD digipackaren grabaketa bide horren gailurra delarik. Disko honetan estrainekoz Makalak kantu guztiak konposatu, abestu eta jotzen ditu musikari sorta apartaren laguntzaz.

 

Gotzon Uribe

2007, Urtarrila 01