“Bilbo Hiria” pop rock lehiaketako irabazleak
Urtero ospatzen den “Bilbo Hiria” pop-rock lehiaketak aurtengoarekin 19 edizio beteko ditu. Su Ta Gar, Atom Rhumba, Audience, Australian Blonde edota Manta Ray moduko taldeak beste batzuen artean irabazi izan dute sari nagusia. Aurtengoan Le Noise bilbotarrek lortu dute lehiaketako saririk nagusiena. Aurtengoa lehiaketaren 19. edizioa izan da eta urtero legez sari ugari banatu dira. “Pop-rock” alorrean Le Noise talde bilbotarra izan da irabazlea 6.000 euroko sariarekin eta disko baten grabazioa eskuratu dutelarik. Bigarren –Euskal Herriko talderik hoberenaren saria (4.000 euro)- Las Furias talde gipuzkoarrak eskuratu du eta hirugarren Bartzelonako Ultraplaypack taldea geratu da (3.000 euro). Laugarren eta bostgarren sariak Jack Dupon frantziarren eta Cordura bizkaitarren eskuetara joan dira. Le Noise talde duela 5 urte inguru Bilbon sorturiko taldea da eta bere musikan filme askotako irudi zein soinu banda ezberdinen etorria hartzen dute oinarritzat, hemendik abiatuta ikuspuntu estétiko-musikal berezko bat lortzeko, beti ere rock musika bere osotasunean harturik. Giro eta atmosferak sortzea gustoko dute eta salbuespenak salbu Audience edota Lisabö moduko taldeek daukaten musika ikusteko ikuspegitik nahiko gertu aurkitzen dira. Ohiko kitarra, baxua eta bateria instrumentuez gain zortzikoteak bibolinak, pianoak, tronpetak, bandoneoiak eta xilofonoak erabiltzen ditu bere abestiak apaintzeko. Rock esparrua muturrera eramaten dute kasu askotan free-jazz munduarekin bat eginez. Taldeko burua den Iñaki Diez kantariak badu bere iritzia lehiaketari buruz. “Nire ustetan aurtengoa beste urte batzuen antzera egon da, estilo ezberdinetako taldeen partaidetza bultzatu da eta bertoko talde interesgarri ugari ikusi ditugu, kasuan, Maha, The Sinclairs, Cordura, Las Furias, One Direction Drive, The Cherry Boppers, Gringo edo gu geu. Aipatu talde hauek estilo ezberdinak jotzen dituztela eta uste dut badaudela etorkizunera begira zer esana emango duten taldeak”. Zuzenean talde ikusgarria bihurtzen da, ohikoa ez den formazioa aurkezteaz gain –zortzi musikari- beren abestiek badaukate pultsu indartsu bat eta sortzen dituzten giro musikalek erakarri egiten dute gauza berriak entzuteko prest dagoen entzulea.
Baina, lehiaketan aurrean ere iritzi kontrajarriak aurkitu daitezke, askotan musika edota talde baten maila lehiaketa baten bidez neurtzea batzuek ez dutelako egoki ikusten, Le Noise taldeko kantariak ere honen inguruan badu bere iritzia “argi dago musika berez subjektiboa den gauza dela, guk ez daukagu gure burua lehiaketan parte hartu duten beste talde batzuk baino hobeagotzat. Azkenean epahimahaiaren gustoaren arabera doa dena. Uste dut horrelakoetan taldeen arteko lehiakortasunak alde batera utzi behar direla eta egokitzen zaizkizun momento onekin gozatu, nahiko zaila izaten bait da honarte heltzea. Taldeen arteko elkarkidetza egon behar da, adibidez finaleko beste bi taldeak hegazkinean zetozen eta gure ekipoa utzi genien…”. Las Furias taldea hiru neskak eta baterijolea den mutil batek osatzen dute, eta taldekideak gipuzkoa eta nafarroa artean banatzen dira urte batzuk Bartzelona bizitzen eraman arren, bertan sortzen delarik proiektua. Las Perras del Infierno eta Virüs taldeetan ibilitakoak dira eta talde berrian rock’n’roll doinuak punk musikarekin batzen dituzte, The Cramps edota Stooges moduko taldeen ikutuak nabariak direlarik haien abestietan. Estetetika zaindua eta txukuna daukate eta zuzenean lotsarik gabe aritzen den taldea da. Ultraplayback taldea Bartzelonakoak dira eta dantzarako pop doinuak oinarri elektronikoekin lotzen dituzte, bere helburu nagusia entzulegoa dantzatzera bultzatzea da. Taldekideen artean bi neska kantari dituzte eta bere musika The B-52’s edo Aviador Dro taldeetatik hurbil dago. Azken boladan asko hitz egin da beraietaz internet-eko myspace webgune ospetsuan 10.000 jeitsieratik gora eduki dituztelako.
Metal estiloan
"Metal" alorrari dagokionez Hard Spirit Asturiaseko taldeak eraman du sari nagusia (6.000 euro), bigarren Bartzelonako Tralla XXL (4.000 euro) suertatu dira eta hirugarren lekuan Suediako Sanctrum taldea (2.000 euro). Aipatu ere “Tendentzia Berrien” alorrean Hamburguesa Vegetal talde bilbotarrak eskuratu duela 4.000 euroko saria. Hiru lagunek osaturiko talde berezi da berau, Mc Masilla, G.J. Vinagre eta Mad Max izengotiarekin aurkezten dira tea bere musika oinarri elektroniko indartsuetan sustengatzen dute, punk-rock edota electroclash doinuak modu dibertigarri batean erakutsiz.