Latzen taldea bueltan

Gotzon Uribe

bm45_1


bm45_2.jpg

Kashbad taldeak Urrian eskeini dituen hiru kontzertuei –Bilbo, Gasteiz eta Orereta- euskal heavy-rock musikak 90. hamarkadan zehar eman duen beste talde esanguratsu baten etorrera aipatu behar dugu hurrengo hilabeteetarako. Oñatiko Latzen taldea berriz bueltan da. Latzen 1993 ko udan sortu zen talde bezala Oñatin (Gipuzkoa), hamasei urte besterik ez zituzten lau lagunen artean. Taldekideak, Gorka Lazkano, Joxe Mari Azpitarte, Iker Martinez de Zuazo eta Aitor Uriarte ziren. 1995 ko aste santurako badute abesti sorta bat eta horietako sei grabatzeko asmoz Carlos Creator ekoizle ezagunarekin harremanetan jartzen dira. Berarekin, Bilboko Rockstudios-en grabatzen dute lehen maketa, “Heriotzari deika” izenekoa. Laster datoz kontzertu gehiago, geroz eta haundiagoak eta “Euskadi Gaztea” maketa lehiaketako entzuleen saria aurrekoaren atzetik. Euskadi Gazteak indar gehiegi zeukan garai haietan bultzakada galanta izan zen hura taldearentzako. Honekin batera, “Egintxotx” lehiaketa izango da taldearen ibilbidean hurrengo aurrerapauso garrantzitsua eta bertan izandako arrakastaren ondoren, taldeak lehenengo diskoa grabatzeko proposamena jasotzen du Oihuka diskoetxearen eskutik. 1996ko udan Elkar estudioetan sartzen dira Jean Phocas teknikari eta Carlos Creator ekoizle direlarik, eta bertan jaioko da Latzenen lehen lan luzea, “Kontzientzia ala Infernua”.

bm45_3.jpg

Diskoak sekulako danbatekoa ematen du eta taldeak gogor jotzen du euskal musikaren eszenan. Lan honek metal musikako abesti gogorrak biltzen ditu, beti ere rock ukitu batekin, eta hamaika kantuen artean “Bat gehiago”, “Hiesa ihes”, “Ze ingo xu” edo gerora oso ezagun egingo den “Laztana” balada aurkitzen dira. 1997 amaieran, taldeak geldiune bat egiten du bere bigarren lan luzea izango zena prestatzeko. Disko berria Kaki Arkarazo (Negu Gorriak) ekoizle bezala dutela prestatzen dute. 1998 ko martxoan grabatzen da Kakiren gidaritzapean, Elkar estudioetan berriz ere Jean Phocas teknikari dutelarik. Hamabi kantu eta Kakiren remix bat biltzen ditu lan honek. Han ezagutzen du taldeak Haritz Harreguy, gerora taldearen zuzeneko teknikari izango dena. Taldeak bere soinua gogortzen du, abiadura motelduz eta kolpea eta indarra handituz. Bigarren disko honen izena “Ardi Larruz” izango da eta berriz ere oihartzun handia lortzen dute. Bi diskoen salmentak marka guztiak apurtuko ditu. Taldeak kontzertuak ematen jarraituko du 1999 ko abuztuan motorra gelditu eta desegitea erabakitzen duen arte. Zortzi urte pasatu dira eta beraien arteko erlazioa inoiz guztiz galdu ez den arren, bakoitzak bere bidea egin du eta bitarte horretan, besteak beste, hainbat proiektu musikal ezberdin izan dira: Aitorrek, Haritz Harreguy-rekin batera, “Sen” taldean jardun zuen 1999tik 2004ra bitarte, azken hau gaur egun UNE taldeko ahotsa delarik. Iker eta Joxemari berriz, beste hainbat proiektutan ibili ondoren, Potemkin taldean dihardute, gitarrarekin eta baxuarekin hurrenez hurren. Iker “Amonal” taldean ere aritzen da tarteka.

bm45_4.jpg

Orain, duela hamabost urte sortu zuten Latzeneko partaide berberek, beraienganako eta inguruarekiko zirkulua merezi duen bezala guztiz ixteko asmoz, beraien gaur egungo talde eta bizietan etenaldi txiki bat egingo dute Latzen-en indarra berreskuratu eta mimo haundiz zuzeneko kontzertu jakin batzuk emateko “Infernuko Ateetan Tour” delakoa. Guztia DVD eta zuzeneko CD formatuan bilduko dute. Ondoren berriz ere beraien proiektuetara bueltatuko direlarik hurrengo lanei jarraipena emateko.

Kontzertuen datak:

Urriak 18. Riazu (Nafarraoa). Gaztetxea. Urriak 19. Laudio. Gaztetxea. Urriak 20. Ondarroa. Gaztetxea. Urriak 26. Tolosa. Bonberenea. Azaroak 03. Irurtzun. Pikurock jaialdia. Azaroak 17. Usurbil. Ikasle Gaua. Azaroak 22. Bilbo. Kafe Antzokia. Azaroak 23. Bilbo. Kafe Antzokia. Abenduak 15. Gasteiz. Hell Dorado. Urtarrilak 5. Gernika. Astra. Otsailak 2. Oñate. Polikiroldegia. Apirilak 5. Getxo. Portu zaharra.

 

Gotzon Uribe

2007, Azaroa 01