FERMIN MUGURUZAREN LAN BERRIAK
Fermin Muguruzak bere Talka diskoetxearen eskutik bi lan berri plazaratu ditu: “Irun, Lion, Zion in Dub” eta bestetik “Afro-Basque Fire Brigade - Tour 2007” bere azken birako irudiak dakartzan liburua eta DVDa. Jamaikar musika gustuko duenak beti izan du Fermin Muguruzaren musikan bertako erritmo beroak aurkitzeko aukera paregabea. Afroamerikar jatorriko estiloen bultzatzaile eta era berean hornitzaile moduan ibili izan da beti Muguruza. Oraingoan Durangoko azoka atzean utzita bere Talka diskoetxearen eskutik atera ditu bi lan interesgarri hauek. Batetik “Afro-Basque Fire Brigade - Tour 2007” liburu formatuan plazaratutako lana dugu. Hemen Fermin Muguruzaren azken bira islatzen da 500 argazkien bidez 200 orrialdetan, gehi 2 orduko DVD batean osagarri gisa. Paris, Durango, Iruñea, Donibane Garazi, Bartzelona, Berlin, Mosku, Amsterdam, Mexico DF, Caracas, Habana, Tokyo, Donostia…aparteko lekuko baten begiradapean. Fer Apoa, Muguruzaren azken abentura honen partaidea izan da, eta logistikako lanetan jarduteaz gain, irudiak gordetzen zituen. Batzutan argazkien bidez, bestetan bideo-kamerarekin, bira mundial honen testigantza lortuz. DVDan, iaz Barakaldoko BECen eginiko kontzertuaren laburbilpena jasotzen da, kontzertu hark, aurtengo bira eragin baitzuen. Bestetik “Irun, Lion, Zion in Dub” diskoa dugu, non reggae eta dub musikaren iturrietatik abiatuta, aurretik argitaratu gabeko hogeita bi kantu biltzen diren. Aurreko urtean Barakaldoko BECen emandako kontzertuaren ondoren, beste bira bat egitea erabaki zuen eta aurten egin du “TALKA” Tour izeneko bira hori. Biran zela sortu zitzaion disko hau egiteko ideia. Jamaikako Tuff Gong estudioaren sarreran egunero ikusten zuen “Iron Zion” murala. Gainera, Bob Marleyren matxinadarako deia dira hitzok. Hortik sortu zuen Muguruzak proiektu berriaren izena: «Irun konexioa. Bere bidegurutzean, sortzaile ezberdinak elkartzen diren Dub musikaren konexioa». Berez “Zion” hitza reggae musikaren mundu ikuskeran erabiltzen den kontzeptua da, geosinbolikoki, lur santua edo paradisua azaltzeko, eta zonalde zehaztua bezala: Afrikako kontinentea. Babilonia edo esklabutza eragiten duen sistema hautsi eta Zion sortu, mundu juxtu bat. Lurra bera litzateke beraz Zion.
Diskoa honako artistek eta abestiek osatzen dute: 1. Fermin Muguruza: MILAKA DUB 2. Chalart 58: SOLDO DUB 3. Zion Train: GIVE ME GOOD SENSI (Earl 16-en parte hartzea) 4. International S.P.A.R.T.A.K: TRIBUTE TO SANKARA (1987-2007) 5. DJ Atodocolor: SOLO TE TENGO A TI (Amparo Sanchez-en parte hartzea) 6. Pirates Urbains: MONTREAL DUB 7. BDF - Basque Dub Foundation: MINISTERIO DEL DUB 8. Mungo´s HiFi: DIA DE DUB (Sorkun eta Bad Sound System-en parte hartzea) 9. Rob Smith: TRU RUB 10. Euskal Tropela: GOOD GOOD LOVE (Stephanie Wallace-ren parte hartzea) 11. Jah Slave: JAMROCK DUB 07 12. Inoren Ero Ni: IPARRALDERA DUB (Trio Kempes-ek erremixatua) 13. BAD Sound System: HERRI GIXA 14. Alex Hohmann: VIENE Y DUB 15. DJ Mau: DRUM MAU BASS 16. Esne Beltza: HIPOKRISIA NAIZ DUB (Xabi Pery-k erremixatua) 17. DJak Sutara: IRUNGO ARRATOIAK 18. Almagatodubproyect: OUTSIDERS IN DUB 19. Benitt Ash: INDIOHK DRINK ALONG 20. El Rude: BA-BA-BOOM SOUND 21. Lisabö: APOA 22. Clive Hunt: DREAD NORT DUB