Sorkun kantaria bueltan da berriz
Oreretan jaioa, 'Kashbad' taldearekin agertu zen kantari bezala 1995ean grabatutako diskoan. Beste bi diskotan ere parte hartu zuen talde horrekin. Fermin Muguruzaren korista izan da 'Dub Manifest' proiektuan eta 'Kontrabanda'rekin. Ekon, Flitter edo Joxe Ripiaurekin ere kolaboratu izan du. Sorkunek ez ditu patroiak gustuko, ez da estilo itxien lagun, eta horregatik bere kantuak ez dira eskema batean sartzen, aberatsagoak dira, ñabarduraz beteak. Konplexurik gabe egiten du stoner eta hardcore estiloetatik rock edo pop estiloetara bidaia. Kantaren arabera erabakiz zer egin, kantak eskatzen duenari arreta jarriz. Bakarka disko bat kaleratu zuen 2002an, 'Onna' izenekoa, rocka, elektronika eta pop doinuz zipristinduriko hamabi kantu eskaini zizkigun orduan. 'Onna' japonieraz emetasuna adierazteko erabiltzen den hitza da, eta presentzia sakona dauka hitz horrek diskoko abesti guztietan, marrazten dituen gorputzaren paisaietatik hasi eta, esate baterako, hil arterainoko maitasunaren arrazoiak ematen dituenean ere. Beste gai batzuk ukitzen ditu: sexua eta gozamena, tortura edo genero-bortxakeria, harremanen etetzea, gurasoen eta seme-alaben arteko inkomunikazioa... Bere bakarkako bigarren diskoa 2005ean plazaratu zuen, 'Duna' izenburupean. Aurten Kashbad taldearen hiru kontzertu ikusteko aukera izan dugu, denak ere arrakastatsuak. Orain talde haretako kantaria izandako Sorkunek bere bakarkako hirugarren diskoa aurkezten digu: “Sorkun & Vice Presidentes”.
Aurreko diskoekin konparatuz ekarpen berri batekin datorkigu Oreretako kantaria, honek ez du esan nahi estiloz aldatzen duenik, baizik eta ohikoa duen rock generoari beste buelta bat ematen diola. Soinu lehor eta desertu kutsua duena azaltzen du lan honetan, arrazoia?. Seguraski Estatu Batuetan grabatu duela da diskoa, bertan non eta Palm Springseko basamortuan, Kalifornian. Bertan grabatu ditu Sorkunek eta bere taldeak kantu berriak Robbie Owenen (Waxy) ekoizlearen laguntzarekin. Owenek Hermano edo Yawning Man taldeekin lan egin du bere esperientzia Sorkunen lan berrira ekarriaz. Sorkun disko berria prestatzen hasi zen Fermin Muguruzarekin biran zegoen garaietan, eta buruan zeukan “Duna” aurreko diskoaren jarraipen bat izango zen rock’n’roll disko bat egin behar zuela. Vice Presidentes taldea Gasteizko musikariek osatzen dute, tartean Neubat taldeko kideak daudelarik. Diskoa AEBatuetan grabatzeko aukera nola sortu zen galdetuta “Alfredo Hernandez (Brant Bjork, Yawning Man, etab.) Euskal Herrian egon da hainbat aldiz talde ezberdinekin biran. Lagun baten bitartez Frankfurtera joan eta Robbie ezagutzeko aukera izan nuen. Berarekin hitz egin ostean Palm Springera bidaiatzeko aukera sortu zen eta kasualitate ugari egon ostean diskoa bertan grabatu ahal izan genuen” erantzuten du Sorkunek, dudarik gabe bere ibilbidean aurrerapausu bat izan den lana bait dugu honakoa.