Zein? Berriz bueltan

Gotzon Uribe

bm53_1.jpg


bm53_2.jpg

“Ahari-Talka” deitzen da Ama Say taldean ibilitako kideen disko berria. 3 urteko geldiunearen ondoren Zein? taldea berriz bueltatzen da disko berriarekin, bere ibilbideko hirugarrena. 12 abestiz osaturiko disko sendo, landu eta osatu bat aurkezten digute oraingoan. Inoiz baino biziago, pop ukitu alaia duten kantuak dakartza “Ahari-Talka” (Noizpop 08) deitzen den disko honek. Ezkerraldeko taldeak disko eder bezain esanguratsua atera du, rock eta pop doinuak maite dituen zaletua aho zabalik utziko duena. Bizitzen ari garen garai honetan non belaunaldi aldaketak euskal musikan inoiz baino nabariagoak diren, Zein? taldearen jakintasunak, musika munduan urteak eman izanak eta abestiak egiterako orduan duten trebeziak fruitu ezin hobeak eman ditu; rock musika maite duenak gustura entzungo duen diskoa dugu honakoa. Lan berrian sonoridade eta abestiak txukundu egiten dira aurreko lanek zeukaten tentsioa galdu gabe, melodía ederrak, pop abestiak, psikodelia doinu finak eta gaur egungo talde askotan faltan botatzen den trebezia pop-rock doinuak egiteko.

bm53_3.jpg

Taldearen eragin musikalen inguruan hitz egiterako orduan 80ko eta 90eko hamarkadetako hainbat talderen erreferentziak aurkitu ditzakegu. New Wave mugimendua beti egon da Zein? taldearen abestietan, honekin batera Pixies edota Romantics moduko taldeen sonoridadea bilatzeko zaletasuna eta nola ez power pop doinuak: gitarra zorrotzak + melodía biziak. Euskal musikan eszena berri bati buruz hitz egin nahi badugu Zein? taldearen izena Audience, Atom Rhumba, Munlet, Le Noise, Split 77, Yakuzi, Delorean, Capsula edota Ya Te Digo moduko taldeen alboan aurkitzen dugu.

 

Ama sayren errautsetatik

Zein? taldearen inguruan hitz egiterakoan ezinbestekoa da Ama Say taldea aipatzea, hauen errautsetatik sortzen den taldea baitugu. Musikalki ezberdinak izan arren Gontzal (bateria-jolea) eta Joakin (gitarra-jolea) Ama Say taldeko kideak dira. Ama Say Ortuellan kokatzen zen taldea genuen, gaur egun eszenatokietatik kanpo egon arren talde haren jarrera eta musika ulertzeko modua Zein? taldean nabaria da. Garaian indie-rock mugimenduari lotuta, Sonic Youth, Charlatans edota Echobelly moduko taldeen bidea jarraitzen zuten. Lehen diskoa 1993an plazaratu zuten “Ikusi ditut umeak kalean ametsak akatzen” izenburupean. Bigarren lana 94an etorri zen, “Say Ama” izenburupean. Beren abestietan ingelesa eta euskara uztartzen zituzten, Euskal Herriko musika eszenan rock zaratatsuari edertasuna ematen jakin zutelarik.

Argazkiak: Jose Lastra

Gotzon Uribe

2008, Uztaila 01