Zarama taldearen itzulera
“Berriz bueltatzen gara. Zergatik ez? Kontzertu batzuk eskeiniko ditugu. Urte guzti hauetan gure artean kontaktuan egon gara eta elkarrekin lan egiten gustura aurkitzen gara, eta baita konturatu garelako gure abestiak jendeak barneratuta dituelako. Guztiaren gainetik, dudarik gabe, eskenatoki gainean aurkituko duzuen taldea koadrila bat izango da, orain dela urte dezente Santurtzin udako egun batean rock’n’roll kantuak egiteko batu zen lagun koadrila. Orain indarberrituta aurkitzen den taldea eta jendeaurrean azaltzeko prest dagoena”. Hauek dira taldekideen hitzak, garai batean “Iñaki, zer urrun dagoen Kamerun?” edota “Txatxo” moduko abestiak ospetsu egin zituztenak.
Bilboko ezkerraldean eta Ingalaterrako punk musikaren eraginpean sortu zen taldea dugu Zarama, rock’n’roll doinuak eta 80. hamarkadako pop musika uztartuz ibilbide oparoa egin zuena. Garaian ezagutu zutenek berriz ere abesti haiekin bat egiteko aukera izango dute. Belaunaldi berriek, ostera, garai batean Euskal Herrian egiten zen rock’n’rolla dastatzeko aukera izango dute.
Gaur egungo taldekideak honakoak dira:
Roberto Moso: ahotsa
Tontxu: kitarra
Javi: baxua
Ernesto Álava: bateria
Joseba Lafuente: teklatuak