Bizardunak. Nafarroatik dator festa
Bizarra edukitzea behar beharrezkoa da Iruñatik datorkigun talde berri honetan parte hartzeko. Azken boladan askoren ahotan dabilen taldea da, batzuk diote euskal musikak azken urteetan eman duen talderik arrakastatsuena izango dela. Atom Rhumba, Mermaid, Black Lagun edota Royal Canal taldeen sortzailea den Iñigo “Firehead” lagunak martxan jarritako proiektua dugu berau.
“Gu garena gara”!! oihukatzean “Wild Rover” irlandar klasikoan, diskaren esentzia aldarrikatzen dugu. Baina...zer ote gara?. Bizardunak taldea gara, kubako sierra maestrako ''barbudos''-ak bezala, maitatzen ditugun The Dubliners taldeko musikariak bezala, Zumalakarregi eta Santakruz apaizak bezala. XIX-garren mendeko ''benetako gizonak'' azken finean. Bigarren diskan adieraziko dugun kanta batetako hitzetan: ''Ur, zur eta lurreko gaur egungo fededunak, gautxori rokeroak''.
“Talde askorentzat, tabua bihur daiteke zein motatako musika-estiloa erabiltzen duten azaltzea. Guk berriz, ez dugu horren beldurrik: “Folk Radical Vasco”, “Nafar Herri (Hiri) Kanta Berriak”. Helburu hau lortzeko, 5 irlandar abesti tradizional eta guk egindako 4 kanta erabili ditugu”. 9 gizon, 9 ahots...denetarik dago lagun-talde honetan; folk-ean aritutakoak, rokero ezagunak, azken hauen lagun mozkorrak...
“Aintzinako mistika historiografikoan murgildu gara,daukagun langile ikuspuntutik gaurko garaiari kantatuz,etorkizunaren zai...kontzertuak baino,ospakizun baten gisa aurkeztu nahi ditugu gure abestiak jendeaurrean”.
Festa, dantza eta ospakizuna aldarrikatzen dituen taldea da Bizardunak. Bai euren estetikan erreparatuz bai musika eraginetan (The Pogues, Dublinners, Billy Bragg…) zer esan emango duen talde baten aurrean gaude.