Mikel Laboaren obra biltzen duen lana plazaratu da

Gotzon Uribe

mikel_laboa_2
Mikel Laboaren bizitza eta obra jasotzen duen DVDa argiratu du Elkar diskoetxeak. 2008ko urrian ekin zitzaion Mikel Laboaren lan berezi hau prestatzeari. Laboa bera eta Marisol Bastida emaztea lanean hasi orduko, abenduaren 1ean, hil egin zen kantari gipuzkoarra. Heriotzaren ondoren, Marisol Bastida alargunak hartu zuen egitasmoaren gidaritza eta berak zuzendu du DVDa.

DVDak ordu bat eta berrogei minutuko iraupena du eta bi ataletan banatuta dago. Lehenengoan, batez ere, Mikel Laboak berak kontatzen du bere bizitza eta obra. 1978. urtean Herri Irratian Mikel Laboari egin zitzaizkion elkarrizketa batzuetan oinarrituta dago lehen atalaren egitura.

Bigarrenean, aldiz, bere ingurukoek hitz egiten dute Mikeli buruz: Iñaki Salvadorrek eta Josetxo Silguerok, musikariek. Iñaki Salvador pianojolea alboan izan du Mikel Laboak bere lanetan. Besteak beste Laboak grabaturiko “Xoriek 17” diskoaren koordinazio musikala Salvadorrek berak burutu zuen

DVD guztian zehar beste hainbat musikarik eta artistak hartu dute parte: Koldobika Jauregi, Xabier Montoia, Ruper Ordorika, Anari, Karlos Osinaga, Quico Pi de la Serra, Lluis Llach eta Raimon.

Kontakizun horiei lagunduz, Mikelen bizitza bete zuten irudi ugari, urteetan zehar emandako kontzertuak eta, batez ere, grabatutako kantuak jaso dira.

DVDarekin batera disko labur bat dator. Gipuzkoako Foru Aldundiak Mikel Laboari urrezko domina eman zion ekitaldian eskainitako kontzertua jasotzen da. Mikel Laboaren aurregrabazioen gainean Iñaki Salvador eta Josetxo Silgueiro musikariek egindako zuzeneko emanaldia da kontzertu hori. Ekitaldi berean Bernardo Atxaga idazleak Mikeli idatzitako "Beti lagun" poema ere jaso da.

Hori guztia osatzeko, hogeita lau orrialdeko liburuxka batean, Mikel Laboaren bizitzaren eta obraren kronologia laburbildu da.

 

Gotzon Uribe

2009, Uztaila 02