Potemkin bueltan dira
Rock misil indartsuak jaurtiz aurkeztu zuen bere burua Potemkin korazatuak duela lauzpabost urte. Isilune baten ondoren (taldekide bik Latzenen agur biran parte hartu zuten) makineria martxan jarri dute oñatiarrek. Borrockarako prest dira.
Potemkin taldeak "Gauaren zaindariak" iraupen luzeko bigarren diskoa plazaratu berri du. Laukote izatetik boskote izatera igaro den Oñatiko taldeak musika norabide berria dakar hard-rock erritmoetan sakonduz.
"Infernuan" zen jaurti zuten misil bat. Hilgarria izan arren, beste hamaika jaurti zituzten bata bestearen atzetik: "Joku trukatua", "Arriskutsua zinen" eta "Ez dute sinisten" tartean. Argi erakutsi ziguten korazatuak jorratu nahi zuen bidea zein zen: energiaz beteriko rock & roll bortitza. Kea dariona. Korazatuak indartsu ekin zion bidaiari, baina Joxemari eta Iker Latzen taldeko kide izanik, honen agur biran parte hartu zuten. Ondorioz, Potemkin denboraldi batez lozorroan izan zen Eskandinaviako txokoren batean gordeta makineria puntuan jartzeko asmoz (zaleen etsipenerako).
Baina tripulazioak aldaketa pare bat izan arren, indartsu itzuli dira: Joxe Mariren ordez Los Cretinos taldean ibilitako Alexis Alonso sartu da taldean baxu jotzaile gisa eta Mikel Fernandez bigarren gitarra jole gisa igo da untzira, sendotasun eta tinkotasun bat emanez taldearen soinuari. Irrikatzen gaude korazatua berriro ere oholtza gainean ikusteko, bai.
Dagoeneko abian dute disko berria aurkezteko kontzertu bira.