Sagarroi taldearen agurra

Gotzon Uribe
sagarroi
Hamarkada luzea izan da, zeinean bost disko argitaratu dituzte eta makina bat kontzertu eman. Hardcore doinu indartsuekin hasi zuten bere ibilbidea, handik gutxira beren kantuak leuntzeen hasi ziren, doinu intimoago baina era berean biziei leku eginez. Urte guzti hauetan abesti ederrak plazaratu dituzte, kasuan kasu, "Nahi dudan guztia", "Euria ari duela", "Mukizapirik gabe", "Siesta" "O Leonzinho", "Sagarroiak" edota "Bihotzaren minean" moduko abesti ederrak.

10 urte hauetan taldeak kontzertu ugari eman ditu eta zenbait disko plazaratu ere. "Kontzertu kutunez beteriko hamarkada oso bat izan da, Euskal Herria, Catalunya, Galizia, Madril, Alemania, Kuba, Frantzia, Suitza, Kroazia, Eslovenia, Serbia, Italia, Errusia eta Japongo eszenatokietan. Garai horretan bost disko grabatu eta argitaratu ditugu: "Meatzaldea" (Metak, 2001), "Euria ari duela" (Metak, 2003), "Toulouse" (Metak, 2004), "Baleike" (Kasba music, 2006) eta "Haikua" (autoprodukzioa, 2008)" adierazi dute taldekideek.

Disko hauez gain, Martxel Mariskalen liburuan oinarritua, ekoiztu eta zuzendu zuten "Ezekiel" antzezlan musikatua, baita Korrika Kulturalaren akzesita lortu ere. Kultur ekintza hau Euskal Herriko antzokietan eszenaratu zuten, FTI eta "Peces de Colores" kolektiboekin batera.

IƱigo Muguruza abeslari zuen taldeak agur esaten digu, Kortatu, Negu Gorriak eta Joxe Ripiau moduko talde esanguratsuetan ibili ondoren eta Sagarroi taldearekin azken bide hau eginda. Gauzak horrela, seguraski etorkizunean beste proiektu batzuetan murgilduta ikusiko ditugu Sagarroi taldeko lagunak.

Gotzon Uribe

2010, Martxoa 29