Elkar diskoetxearen nobedadeak
Pello Ramirez eta Kupelaren disko berriez gain, Elkar etxeak bi bilduma argitaratuko ditu udaberri parte honetan: lehenengoa, artzainen ingurukoa eta bigarrena, itsasoari buruzkoa.
Pello Ramirez musikari eta konposatzailearen lan berria "Eskuz lurrari" deitzen da, disko instrumentala da eta akordeoia, txeloa eta pianoa ditu ardatz. Beste argitalpen berri bat "Artzainak kantuz: Chants de bergers" bilduma da. Mendi-bortuetako kantuak, artzain-kantuak alegia, biltzen ditu bilduma honek. Asko a capella kantaturik, den-denak sotilak, ederrak eta jasoak dira. Euskal lirikaren tradizioak horietatik eredu garrantzitsu asko eskaintzen digu. Disko-bilduma honen bidez, Euskal Herriko barnealdeko bailara eta mendi garaietara bidaia bat proposatzen dute errepertorioaren alderik samurrena eta berezkoenaren bila. Besteak beste, Erramun Martikorena, Jean Mixel Bedaxagar, Etxart familia, Jean Bordaxar, Mixel Arotze edota Etxamendi eta Larralde topatuko ditugu.
Honekin lotuta, bigarren bilduma sortak "Itsas Kantuak: Chants de marins" du izenburua. Ezaguna da Euskal Herriak duen itsas-tradizioa. Bilduma honetan, itsasoak eta marinelen bizitzak inspiratutako kantu-aukeraketa biribila topatuko du entzuleak. Bizkaiko golkoko gure txoko honetara bidaia eginez, gure tradizioak sorturiko ezinbesteko folk erakusketa oparoa aurkezten du honako bilduma honek. Besteak beste, Pantxoa eta Peio, Oskorri, Benito Lertxundi, Imanol, Txomin Artola... kantarien ahotsak ditugu entzungai.
Nobedadeen txokoan ere aurkitzen dugu "Irabazi zein galdu" Kupela talde arrakastatsuaren disko berria. "Gau Giro" eta "Pagotas" aurreko lanen arrakastaren ondoren, LarraƱagak (panderoa, ahotsa), Zabalek (trikitixa) eta Berastegik (bateria-perkusioa), "Irabazi zein galdu" diskoa aurkezten digute. Aurrekoetan bezala, bertsoa, trikitixa eta euskal senik zuzenena eta freskoena, umorez eta satiraz tindaturik aurkezten dituzte kantu berriak.