The Sparteensen doinu alaiak iparraldetik
Iparraldeko taldeak, yeye musikaren jarraitzaileak, "Grandes éxitos del ayer" diskoa plazaratu berri du. Lan honetan, izenburuak dioen bezala, talde euskaldun eta frantses askoren arrakastak bildu dituzte, abestiok 60. hamarkadako arrakasta bailiran jotzen dituztelarik. The Sparteens taldeak 60. hamarkadako giroa, estiloa eta orduko moldaketak bilatzen ditu, beraien irudia 1964ko San Remoko Jaialditik aterata balego bezala.
Baby-boomer belaunaldi oso batek ahaztu ez dituen arren, gutxi dira gaur egun berauek ezagutzen dituzten gazteak. Nahiz eta haien atzean utzi izan duten ekarpen musikala handia izan, gutxik ezagutu ahal izango lukete azken 30 urte hauetan beste talde ezberdinek (talde grunge, hip hopero, heavy metal edo punkek) jo izan dituzten abesti andana hau. Twistaren urteak argitzen jakin izan zuen laukotea berriz ere itzuli da, oraingoan Sllipepery Twist Orchestraz lagundurik, pertsonaia ezagunez eta berriez osaturiko korda eta haize sekzio batekin.
Maribel de Iriarte (ahotsa), Douglass Nightingale (gitarra), Sardock Klein (bateria) eta Paul Lux (baxua) taldekideek eskenatokietara berriz igotzea erabaki dute haien arrakastarik handienak interpretatzeko. Sex Pistolsen "God Save the Queen", Su Ta Gar Eibartarren "Jo ta Ke", "Zoom zoom zang" edota La Polla records taldearen "Txus" abestiek beste hainbaten artean osatzen dute lan berria, guztiak ere twist eta rock'n'roll doinuekin hornituta.