Txuma Murugarren berriz bueltan da
Hiru urte dira Sasoi Ilunak taldeko kantari ohiak ez duela diskorik plazaratzen. Tarte honetan izan du aukera kontzertuak eskaintzeko, beste artista batzuekin lan konpartituak egiteko, baita "Mirande Cabaret"moduko ikuskuzinetan parte hartzeko eta, nola ez, kantu berriak konposatzeko. Lan berria izango dena bere ibilbideko seigarren diskoa da eta "B aldeko kantuak" izenburua eramango du.
"Disko berrirako abestiak bildu ditugu jada, eta orain haien artean entresaka egiteko garaia heldu da. 15 kantu daude lehian, horietatik 10 bat joango dira diskoan. Maketa etxean grabatu ostean bandarekin egin ditugu lan-saioak, eta martxoaren 22ko astean azken lau entseguak egin ostean, 26an sartu ginen grabatzera "Lamiñaks" estudioan, Lastra soinu-teknikariarekin. Saltsa horretan, Rafa Aceves (teklak), Miguel Ramirez (gitarra), Rafa Rueda (gitarra), Natxo Beltran (bateria), Ekaitz Hernandez (baxua) eta Asier Ituarte (haizeak) ibili gara diskoa atontzen", komentatzen zigun berriki Txuma kantariak.
Txuma Murugarren Sasoi Ilunak taldeko abeslari, gitarrista eta kantuen hitzen egilea izan zen 90eko hamarkadan. Hiru disko grabatu zituen taldeak: "Sasoi Ilunak" (Oihuka, 1991), "Herri xumeak" (Oihuka, 1993) eta "Harakina" (Oihuka, 1998). Azken diskoaren aurkezpen kontzertuen ondorengo geldiunea baliatu zuen Murugarrenek bakarkako ibilbideari ekiteko. "Nere leihoak" (Oihuka, 2000) grabatu zuen lehenengo, eta ondotik beste lau disko etorri ziren: "Hegazkinen arima" (Gaztelupeko Hotsak, 2002), "Gauak, neskak eta maletak" (GH, 2003), "Nire anaiaren kotxeko argiak" (GH, 2004) eta "Marjinalia" (GH, 2007). Azken bi diskoen arteko tarte horretan ez da geldirik egon Murugarren. Lauaxetaren omenezko "Ehungarrenean hamaika" (GH, 2005) lan kolektiboan parte hartu ondoren, Rafa Rueda eta Pettirekin partekatutako disko bat kaleratu du, "Hauxe" (GH, 2006), eta "Larrialdietako irteera liburua" (Paper Hotsak, 2006) argitaratu du.