Governors. Indarrez beteriko abestiak
Rock & rolla, muinean, musikaren aukera estetiko hutsetik haratago, jarrera sendoa da, handiarekin kritikoa eta txikiarekin eskuzabala den bizitzaren ikuspegia. Rocka gizaki berriaren herri-musika da.
Horixe dugu, hain zuzen, Governors taldearen ezaugarririk argiena: bere musikaren intentsitatea eta kantu amorratuen bitartez komunikatzen duten jarrera baikor bezain sortzailea. J. Sang (ahotsa), taldeko aitzindariaren aurreko ibilbideak (Ekon, Fjord) bermatzen du aurrez esandakoaren koherentzia.
"Frenetikodrome" du izenburua taldearen bigarren diskoak. Ahotsen tratamendu finean oinarritzen den musika talde indartsu baten espazio melodiko landua da; nahiz ikusiz nahiz entzunez, zirrara sorrarazten digun unibertsoa.
Taldeak berezkoa duen musika-kontzeptu artistiko honen bidez, kemenez eta kuraiaz mamituriko esentziak barreiatzen ditu. Konposizio eta interpretazio maila handiaren eraginez, diskoak, gaur egungo soinua du, milurteko berriaren lehen hamarkadari dagokiona. Testua berriz, gizakiarengana eta gizartearengana hurbiltzen da, samur eta zintzo, egiazkoa eta baliagarria den horretan asmatu nahian, mundu hobe baten ideia posiblea dela azpimarratuz.
Hamar kanta berri aurkezten ditu diskoak. Horrez gain, pasa den urteko Hatortxurock festibalerako egindako "Kristal kolpatuak" abestia eta bideoa ere topatuko ditugu. Kantu horretan, EƱaut Elorrieta (Ken Zazpi) eta Sorkun kantariek parte hartu dute. Abesti hori Euskal Zinema eta Bideo jaialdiko azken edizioko irabazlea izan zen.