Berri Txarrak taldearen ibilbide berria
Abuztuan Gasteizko jaietan eskeini zuen kontzertua azkena izan zen Aitor Goikoetxearentzat, Berri Txarrak taldeko baterijolea eta taldearen sortzailea. Berri Txarrak-en 16 urtez hainbeste bizipen, ilusio eta kilometro elkarrekin bizi ostean, erronka eta bide berriak jorratzeko momentua iritsi da. " Inoiz ez dut urte hauetan bizitakoa eta sentitutakoa ahaztuko, ezta 1994.urteko uda hartan guzti hau hasteko genituen arrazoiak ere. Musika, bizitzan arnasa hartzeko behar dudan gauza da niretzat, hala izan da, eta hala izango da etorkizunean ere, eta horregatik, goiz edo berandu bidean topatuko gara. Urte guzti hauetan, zuei esker Berri Txarrak-en bizi eta sentitu dudan guztiagatik...eskerrik asko. Zuei, hurbil zaudeten horiei bereziki eta urrun egonda ere etxean banengo bezala sentiarazten didazuen beste horiei ere, mila esker. Ikusi arte, bihotzez...".
Gauzak honela, taldea sortu zuten Lekunberriko 4 lagun artetik Gorka Urbizu geratzen da soilik taldean. Taldeko konposatzailea eta kantaria den Gorkaren ondoan, David Gonzalez -Pilt- baxujolea dago eta baterijole berria Galder Izagirre izango da, euskal musika eszenan aski ezaguna, Dut eta Kuraia taldeetan aritutakoa baita.
Galder Izagirrek bateria jotzeko berezko modua dauka, indartsua eta kemenez beteriko estiloa, erritmo egitura sendo eta trinkoen lagun. Urritik aurrera zuzenean ikusteko aukera izango dugu.
Bestetik, GOR zigiluak Berri Txarraken kantarik sonatuenak bilduko dituen lan bat kaleratzeko asmoa dauka. Disko hau, Berri Txarrak-ek Gor diskoetxean igaro dituen hamar urteotako lagin moduan plazaratuko da, beti ere taldearen laguntzarekin. Diskoak 20 abesti inguru bilduko ditu, tartean deskatalogatuta edota aurkitzeko zail xamar zegoen bat edo beste. DVD-ak, aldiz, "Zertarako Amestu" dokumentala jasoko du, 2007an argitaratu moduan. Bilduma lan honen izenburua "Denak ez du balio. Singles 1997-2007" izango da eta urrian ikusiko du argia.