Elkar diskoetxearen nobedadeak

Gotzon Uribe

Elkar diskoetxeak hainbat disko berri plazaratuko ditu udazkenean. Lehenengo nobedadea iraila bukaeran izango dugu "Lovin' Gaztea"izenburupean. Azken hogei urteotako euskal maitasun kanturik ezaguratsuenen bilduma. Alde batetik, Ken Zazpi, Berri Txarrak, Gatibu, Su ta Gar, Betagarri, Sugan, Esne beltza, Kerobia, The Uski´s, Katamalo, Kauta, Gari, Gose... taldeen kanturik samurrenak aurkezten dira. Eta bestetik, Barricada, El Mentón de Fogarty eta We are standard taldeak ere bertsio bana eginez agertzen dira (Barricada, Itoiz eta Hertzainak taldeak gogora ekarriz).

Gernikako Ken Zazpi taldearen lan berria ere Elkarren eskutik etorriko da. "Ortzemugak begietan " izenburuarekin Gernikako taldearen disko berria itxaropenez beteta dator, musikaren bizitasunean eta emozio sakonetan oinarriturik. Zalantzarik gabe, Ken Zazpi taldeak, musikatik haratago, euskal gazteen bat-bateko bihozkadak bideratzen ditu, eta bizitzako ilusioak eta esperantzak erruz ekartzen ditu.

Disko hau ere, Rafa Sardina teknikariak grabatua eta ekoitzia da (besteak beste, Stevie Wonder, Macy Gray, Michael Jackson, Shakira, Dr. Dre, Dru Hill, Armando Manzanero, Jessy Moss, Mariah Carey, Luis Miguel, Paco de Lucía, Sheryl Crow, Soul Coughing, Elan, Beyonce, Angie Stone, Alejandro Sanz... grabatu dituena eta 25 Grammy izendatze lortu dituena). Nahasketak berriro ere Rafa Sardinaren Los Angelesko After hours estudioan egin dituzte.

Nobedade hauen artean "Vynil collection" bilduma aurkitzen dugu. Binilo euskarria desagertuta egon da, hala ere azken urteetan salmentak indarberritu egin dira, gazteen artean gero eta zaletu gehiago dira euskarri honetan diskoak erosten dituena. "Gure diskogintzaren hastapenetik ekoitzi eta argitaratu diren milaka diskoen artetik, banaka batzuk funtsezkoak direla esan dezakegu, gure oroimenean distira berezia sortzeaz gain, gure musikaren eta musika industriaren garapenerako ezinbesteko erreferentzia baitira".

Horren harira, Elkar diskoetxeak binilo bilduma bat aurkezten digu. Gure musikaren ibilbidean oraindik ere erreferentzia diren hainbat disko bere jatorrizko euskarrian eta formatuan berriro argitaratuz, nolabait, gure iturburuak hobeto ezagutzeko aukera izango dugu eta horren ondorioz, orain aldia hobeto ulertzeko balioko du, zalantzarik gabe. Biniloan aurkituko ditugun diskoak honakoak dira: Barricada "Noche de R'n'R", Kortatu "Kortatu", La Polla Records "Salve", Cicatriz "Inadaptados", Ruper Ordorika "Hautsi da anphora" eta Mikel Laboa "Bat-Hiru".

 

Gotzon Uribe

2010, Iraila 10