SPLIT 77 TALDEA BUELTAN DA

Gotzon Uribe

Noizpop zigiluarekin argitaratu dute Deustuko lagunek taldearen izen bereko diskoa. Elektronika eta programazioak dira nagusi lan berrian. Diskoko lehen singlea "31" kantua da, maitasun istorio bat.

split_77

Split 77 taldea bueltan dugu. Sei urteko isilunearen ondoren, lan berria dakar talde bilbotarrak: "Split 77" izenbereko diskoa. "Antenna" (Noizpop, 2002) eta "Mentura" (Noizpop,2004) diskoek izandako harrera bikainaren ostean, estudioko hirugarren lanari taldearen izen bera jartzea erabaki dute, zituzten aurreikuspenak bete dituztela adierazteko.

"Mentura" lanean Split 77 taldeak elektronikaren eta esperimentazioaren aldeko apustua egin zuen eta, disko berrirako, 80. hamarkadako ukituak dituen pop rock britainiar kutsuko euren musikan leku nabarmena beteko dute oinarri elektronikoek.

Spliten hirugarren disko honetan aurkituko duguna erroturiko modernitatea da. Izan ere, modu bakarra dago disko honetan gertatu dena azaltzeko: Split 77k hizkuntza propioa aurkitu du.

Ibilbidea duen jendeaz ari gara, eta ezagun zaie kantuetan erabili dituzten osagaiak aztertzean. Rock, pop, glam eta techno argi izpiak euskal hiriaren gaua argiztatzeko, disko hau gauezko bidaia baita.

Eta gauean eta kantuetan zehar goazela, badatozkigu oihartzun hurbil zein urrunak, musika modernoan izan ziren beste espazio-odisea batzuetatik ailegatuak... Spliten azken diskoan askotariko balentria sonoroak bildu dira, eta kantu berak gogora ekar liezaguke Roxy Music eta Kuraia, T-Rex eta OMD, Doctor Deseo, Muse edota The Killers moduko taldeak.

Zuzenean ikusteko aukera izango dugu: abenduaren 10ean Plateruenean (Durango), urtarrilaren 5ean Kafe Antzokian (Ondarroa), urtarrilaren 14ean Larrabetzun eta urtarrilaren 15ean Tolosan.

Gotzon Uribe

2010, Azaroa 22