KEU AGIRRETXEA
Keu Agirretxea , Ondarroako musikariak aspaldi hartu zuen kantagintza akustikoaren bidea. 2010. urtearen zehar hilero jarri du kantu berri bat eskuragai interneten eta "Denbora Vs Kantuak" lan berrian jasotzen dira guztiak. Kantuan gero eta erosoago eta seguruago ageri da disko bakoitzean, eta are nabarmenagoa da abesti hauetan. Konpositore gisa hazten ari dela eta eragin berriak barneratzen ari dela baieztatzen dute. Zuzenean grabatutako kontzertua DVD euskarrian.
Keu Agirretxearen ibilbidea jarraitu duenak ezagutzen du musikari ondarrutar hau ez dela geldirik egotekoa, une oro sentimenduak eta emozioak azaltzeko bide berrien bila ari dela. Hilobi, Psychophony eta Etsaiak taldeetan gitarra trash, metal eta hardcore basatiaren zerbitzura jarri ondoren, UEK izenaz jabetu eta bakarkako sorkuntzari ekin zion, lan instrumentalari emana lehen hiru diskoetan eta rock klasikoko talde bilakaturik azkenengoetan. Tartean, Fjord hard-rock taldea sortzeko astia izan zuen. Orain, izena eta abizena harturik, bera den bezala ageri zaigu, kantautore formatuan, "Denbora Vs Kantuak".
Formatu akustikoan plazaratutako hamar kantu berri hauetan, baxu, perkusio intimista eta tarteka haize instrumentuak ere bidelagun ditu. Eta horien maletatan istorio xumeak, egunerokotasunetako gogoetatik ateratakoak eta, alajaina, hurbilekoak. Horretan, Mikel Etxaburuk, Aitor Goenagak eta Kirmen Uribek lagundu dute.
DVDari dagokionez, betiko kide duen Mikel Arakistain baxu jotzaileak lagunduta, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian eskainitako kontzertu akustikoa jaso dute, soinu eta irudi kalitate ederra duena.