Korrontzi taldearen lan berria kalean
Korrontzi taldearen musika ibilbidea 2004an hasi zen Agus Barandiaran trikitilariaren eskutik. Euskal Herriko folk musikazale amorratua, trikia du pasioa eta kea ateratzen dio ahal duen guztietan. Korrontzi taldea horretarako osatu zuen, ikusten baitzuen bazela tokitxoa Korrontzi bezalako talde batentzat Euskal Herrian eta kanpoan ere. Asmoa beti izan da musika txukuna egitea eta behar duen babesa ematea, eta Euskal Herriko folkari ekarpenak egitea noski. "Infernuko Auspoa" deitzen den lan berri honekin asmo berberak ditu, ikuskizuna sortu ahalik eta toki gehienetara iristeko. Nolako ikuskizuna? Folk musika eta Euskal Herriko dantzak eta tradizioak uztartuta.
Oinkari Dantza Taldea 1975ean sortu zen Villabonan (Gipuzkoa). Hasieran dantza tradizional hutsa lantzen bazuten ere, 2003tik aurrera Edu Muruamendiaraz koreografoarekin kontaktuan jarri ostean, Oinkari Dantza Taldea eraldatu egin zen proposatutako aldaketek emaitza bikaina jaso zutelako. Ohiko euskal dantzei koreografia garakidearen ukituak eman eta Oinkari Dantza Taldea eraberritu zen Eneko Arteaga eta Edu Muruamendiarazekin.
Korrontzi taldea euren hirugarren diskoan ez dator bakarrik. Korrontzi & Oinkari Dantza Taldeak ikuskizun bat prestatu dute DVDn. Audioak EITBko Miramongo estudioetan grabatu zituen Jimmy Martinek 2010eko maiatzaren 14an eta Getxoko Tik-Trak estudioetan Alberto Rodriguezek 2010eko irailean.
Taldea honakoek osatzen dute:
Agus Barandiaran: trikitixak eta ahotsa. Iker Lope de Bergara: alboka, albokotea, whistleak, zeharkako txirula, panderoa, txistua, xirula eta ahotsa. Ander Hurtado de Saratxo: bateria, perkusioa, marinba eta bibrafonoa. Kike Mora: baxua. Alberto Rodríguez: gitarra akustikoa, mandolina eta koroak.