Billabonatik Barakaldorako bidea egiten

Iñaki Iturriotz

Irailaren 29an abiatu zan Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Billabonatik BEC- erako bide egingo du 2013ko edizio honek. Tartean, plaza berri bi bisitatuko ditu, Oion eta Maulera hurbilduko da.

Mila ikusleren aurrean lortu zuen Jon Martinek finalaurreetarako pasea. Jende ugari, beroa eta umorea nagusi izan zen azken sailkatu bien eskutik, Fredi Paia eta Iker Zubeldia.

Hamaika bizkaitar igoko dira oholtzara. Arkaitz Estiballes, Beñat Ugartetxea, Etxahun Lekue, Fredi Paia, Igor Elortza, Iratxe Ibarra, Jone Uria, Miren Amuriza, Oihana Bartra, Onintza Enbeita eta Unai Iturriaga. Arabatik bertsolari bi izango dira; Gipuzkoatik, 21; Nafarroatik, 4; eta 5, Lapurditik.

Markinan

Bigarren kanporaketa ere indartsu dator urriko lehen asteburuan. Markinan izango da eta bertan Agin Rezola, Onintza Enbeita, Arkaitz Estiballes, Jone Uria, Beñat Ugartetxea eta Eneko Fernandez. Baina egun horretan saioa ez da izango ekintza bakarra. Euskal Herriko Bertso Eskolen eguna giro horretan antolatu da. Eguerdian bazkaria izango da , saio ostean poteoa eta gauean erromeria. Beraz, galdu ezinezko aukera bertsozale gazte eta ez hain gazteentzat.

Kanporaketetan, 15 bertso puntuagarri daude

• Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.

• Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.

• Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian.

• Binaka, gaia emanda, hamarreko txikian hiruna bertso.

• Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Astebururo izango da zita abendura bitartean. Sei kanporaketa, zazpi finalaurre eta final handia zortzi bertsolarirekin abenduaren 15ean.

Iñaki Iturriotz

2013, Urria 01
Arloa: Bertsoleku