Marta Sanchez quartet. Jazz doinuak

Gotzon Uribe

martasanchezquartet

"La Espiral amarilla" izenburupean argitaratu berri du Marta Sanchez piano jotzaile madrildarrak bere bigarren diskoa. Hirukotea laukote bihurtu izana da aurreko diskoaren ("Lunas, Soles y Elefantes") aldean nabari den aldaketa bat. Marta Sanchezek bere nortasunaren ezaugarri interesgarrienetako bat uzten digu agerian: laguntzeko era, betiere sortzailea eta kitzikagarria. Izan ere, laukotearen baitako kimika egokia da taldeari halako distira ematen diona. Itxura batean begi bistakoa den hau ez da egiten ez eta topatzen erraza, hori bai, ordaina handia da: musika organikoa eta dinamikaz betea, jazz esaten diotena alegia. Benetako Jazz.

Konposizioek indar handia hartu dute haren musikan, eta "La Espiral Amarilla" taldearen  elementu erakargarrienetarikoak bihurtu dira, taldea bera bezala, Madrilgo agertokiko all-star bat balitz bezala. Nola Ariel Bringuez eta Reinier Elizarde kubatarrak hala aurpegi askotako Andres Litwin dira euren musika tresnen esparruan aurki ditzakegun interpretatzailerik onenetakoak, lan honetan agerian uzten duten bezala. Lehenengoak, tonu jostalari eta arin horrekin, Mark Turner eta Joe Lovano gogorarazten digu, eta sekzio erritmikoa, indartsua eta sendoa, taldeak jorratzen duen ildo guztietara egokitzen da.

Gotzon Uribe

2011, Martxoa 07