Jare eta Basaki taldeen disko berriak

Gotzon Uribe

 

basaki

Jare eta Basaki taldeen lan berriak argitaratuko ditu Oihuka diskoetxeak udaberrira begira, "Itxaropenaren ertzean" eta "Egunero hasten da, hurrenez hurren". Jare, Idi Bihotzeko musikariek osaturiko taldea da; Leioako Basakik, berriz, urteak daramatza kontzertuak ematen eta diskoak argitaratzen. Biak ala biak rock talde sendoak dira.

Jare, 2010eko amaieran sortu zen Mikel eta Gorka Bizar (Idi Bihotz eta Flyn'Freak ohiak) anaien ekimenez, zazpi disko argitaratu eta seiehun kontzertu baino gehiago egin ondoren. Horiekin batera belaunaldi berriko musikariak daude: Jagoba Ormaetxea eta Iñigo Benito (Autostereo), eta Kepa de Miguel. Osagai guzti horiekin taldeak "Itxaropenaren ertzean" lana kaleratu du Oihukaren eskutik. Grabazioak rock gogorra, pop musika eta rock alternatiboa besarkatzen dituzten 11 kantu biltzen ditu.

Basaki, berriz, ibilbide luzeko taldea da. Izan ere, 1996 urtean eratu zen Leioan, eta harrezkero 100 emanalditik gora egin ditu. 2006an "Esperantzaren zain" izeneko estreinako lana argitaratu zuen. Geldialditxoa egin ondoren, duela hiru urte "Egunero hasten da" diskorako kantuak prestatzen hasi ziren taldekideak lokalean, Iker Herrero, Alfonso Rodriguez, Natxo Velez eta Xabi Diez musikariak, hain zuzen. Basakiren jarioan AEBetako rock garaikidearen zertzeladak islatzen dira, tartean, Creed, Alter Bridge, eta Stone Sour taldeenak. Melodiak eta erritmo irmoak nahasten dituen lan hau maiatzean kaleratuko da.

Gotzon Uribe

2011, Apirila 20