Vendetta

Gotzon Uribe

vendetta-foto2
Skalariak taldeak atsedena hartzean, Luisillo Kalandrakak eta Javiero Etxeberriak bultzatuta sortu zen Vendetta taldea 2008an, eta berehala diskoa argitaratzeko aukera izan zuten. Zenbait bertsio eta kolaboratzailerekin, taldearen aurkezpen disko ederra egin zuten. Bigarren lanean ordea, taldearen idiosinkrasia definitu nahi izan dute. Bertsiorik eta ia kolaboraziorik gabe, Luisillo Kalandraka eta Pello Reparazen taldearen 2. diskoa "% 100 Vendetta" da. Aurreko lanak, "Italiako ikutua bazuen", bigarrena "mexikarren odolberoak kutsatua dago". "Hildakoen Gaueko espiritua bereganatu eta festara eraman nahi izan dugu" azaldu zuen aurkezpenean Etxarriko baxu joleak. Diskoarekin itxaropen mezua bidali dute.

"Puro Infierno" deitzen da Vendettaren lan berria eta ohi bezela ska gartsua dakar, rock ikutuarekin. Haize instrumentuen alaitasunak eta gitarraren indarrak bat egiten dute. Hego Amerikako erritmoen arrastoa era antzematen da. Ska taldeak 12 kantu sartu ditu diskoan, horietako bi euskaraz. Javiero Etxeberriak eta Pello Reparazek sortu dituzte. Arbizuarrak urrats garrantzitsua eman du eta taldeko sortzaile garrantzitsuenetako bat da.

Musikan ez ezik, mezuan ere badira berriak. Vendetta taldeak aldarrikapenei eutsi die, baina ez dira orain arte bezain esplizituak. Ska taldeak dioenez, "konposizioa, lirika eta mezua" bereziki landu dituzte, entzuleei lan osoa eskaintzeko helburuarekin. "Etxean lasai eta gustura entzuteko abestiak daude" aurreratu Pello Reparazek.

Vendetta taldeak honakoek osatzen dute: Pello Reparaz (tronboia eta ahotsa), Ruben Anton (tronpeta eta koruak), Javier Hurakan Etxeberria (gitarra eta ahotsa), Luisillo Kalandraka (baxua eta ahotsa) eta Enriko Vibrato (bateria eta perkusioa).

 

Gotzon Uribe

2011, Uztaila 07