Marea taldearen diskoa kalean

Gotzon Uribe

Urtetxo batzuk igaro dira Berriozar herriko taldeak diskorik plazaratzen ez zuela, orain "En mi hambre mando yo" disko esanguratsuarekin bueltan dator taldea.
Bere ibilbideko 7. lana dute hau eta sekulako arrakastarekin hasi dira. Zaletuak gogotsu itxaroten zuen nafarren disko berria, beraien "You Tube" webgunean eskegi duten bideoak milaka bisita jaso ditu bat batean, diskoak ere saltzen ari dira eta bira potente bat ere prestatu dute. Bizkaian egingo duten aurkezpen kontzertua Abenduaren 23an izango da Bilboko Miribilla auzoan dagoen Bilbao Arena agertokian.
Kutxi Romero buru duen taldeak burutzen duen rock'n'rollak milaka gazte eta ez hain gazte erakartzen ditu, 70. hamarkadako rock doinuak oinarri izanda letra esanguratsuak jorratzen dituzte. Hala ere Marea taldearen arrakastaren arrazoietako bat abestien hitzetan aurkitzen da. "Kaleko poesiaz" beteriko kantuak dira, eguneroko istorioak non jende xumea azaltzen den, hauen gora beherak, joan etorriak eta kaleko hitz jarioan jarduten duten lagunen istorioak isladatzen dituzte. Diskoak 10 abesti berri jasotzen ditu, Kutxiren poesia latz eta landuarekin jantzita. Ipar Amerikan nahastu eta masterizatu dute diskoa

R5 estudioetan grabatu eta Vancouver-en (Kanada) nahastu dute Mike Fraser-en eskutik (AC/DC, Metallica, Aerosmith...). Masterizazioa berriz, Adam Ayamek (Pearl Jam, The Rolling Stones, Nirvana...) egin du Gateway Mastering (Portland) estudioetan.

Gotzon Uribe

2011, Urria 09