"Bikote bat". Jabier Muguruzaren berriena
Jabier Muguruzak bere hamaikagarren diskoa aurkezten digu oraingoan, "Bikote bat" titulupean. Obra honetan, muturreraino eraman dira Jabierren ibilibide entzutetsuan hain ohikoak diren giro intimista eta isiluneen erabilera. Bakar-bakarrik Mikel Azpirozen pianoa eta Muguruzaren ahotsa eta akordeoia topatuko ditugu bertan, tarteka Mireia Otzerinjauregiren koroen laguntzaz.
Kantak, euskal poeta handien testuetatik abiatzen dira, dagoeneko kantariaren ohiko kolaboratzaileak direnak: Bernardo Atxaga, Iñaki Irazu, Harkaitz Cano, Gerardo Markuleta, José Luis Padrón... gehi oraingo honetan aurrenekoz azaltzen direnak: Lourdes Oñaederra, Rikardo Arregi eta Javier Rodriguez Marcos.
Diskoaren grabaketa bi fasetan burutu zen: aurrena, El Vendrelleko Auditori-n, non Mikel Azpirozen pianoak grabatu ziren, eta bigarrena "Katarain" estudioetan , Azkaraten (Nafarroa), Angel Gonzalez Katarain teknikariaren ardurapean; han, Jabierren ahotsa eta eskusoinua grabatu ziren, baita Mireia Otzerinjauregiren ahotsa ere.
Azken emaitza, orain esku artean duguna, Irungo artistaren obrarik helduena, testu ederrez hornituta, konposizio-maila bikaina eskaintzen diguna. Entzulea berehala jabetuko da Mikelen piano leunaren eta Jabierren ahots hurbilaren uztarketak lortzen duen emaitza eder eta liluragarriaz.