Hodeien azpian Ruper Ordorikarekin

Gotzon Uribe

ruper_ordorika_2011_web_1317917736

Ruper Ordorikaren disko berri bat beti albiste ona bada, orain plazaratzen duenarekin areago gertatzen da.

"Hodeien azpian" diskoak hamaika kantu berri biltzen ditu, guztien doinuak eta letrak Ruperrenak berarenak. Hortxe ageri zaigu kantuegilea heldutasunak ematen duen intimismo lañoan, zer kantatu nahi duen eta nola kantatu nahi dueneko lurraldean. Abesti eder bezain esanguratsuak dira, non tempusa ezinbestez landuta azaltzen da, rock, pop...ikutu amerikarra, bertoko sentsibilitatea...abesti ederrak eta finak dakartzan lana da honakoa, beti ere metafora ugariz jantzia.

Hitzen xalotasuna eta benetakotasuna, sinbolismotik eta soberazko lirismo edota nostalgiatik urrun; doinu, sonoritate eta kantaeraren giro egokia eta gardentasuna, poesia eta kantua ere oso ondo uztartua azaltzen dira.

Kantu berriak disko batean gauzatzeko garaian, sonoritate eta testura berezien mugak haratago garatzeko erronkan, New Yorkeko bideari ekin dio, musikari-lagun handiekin jotzeko aitzindari gisa jorratua duen bideari. Ohi duen bezala, behin etxeko lanak eginik, hara joan eta diskoko kantuak grabatu ditu, Steve Ulrich, Skuli Sverrisson, Kenny Wollesen eta Ben Monder lagun dituela. Mugalarien partaidetzak ere bere ukitu berezia ematen dio diskoari.

Ruper Ordorikaren ibilbide gero eta aberatsagoan, oinarrizko ditugu kantuarekiko maitasun, gustu eta exijentzia, ofizioarekiko leialtasun eta atxikimendua. Guztia bere estilo berezi horretan mamitua: herri-kantuaren oihartzunez eta hiri usain eta rock taupadaz iristen zaiguna.

Datorren abenduaren 23an Kafe Antzokian izango da zuzenean, urtero legez bere gabonetako kontzertu berezia eskeiniaz.

 

 

 

Gotzon Uribe

2011, Azaroa 28