“Lur gorrian barrena”. Umeentzako musika.
Xabi Strubell musikariak, Eneko Haritza ipuinen idazleak eta Yoana Figueras ilustratzaileak "Lur gorrian barrena" disko-liburua plazaratu dute. Lana Maluta argitaletxearekin argitaratu da.
"Lur gorrian barrena" lanean, haurrentzako kanta tradizionalak bildu eta doinu propioak jarriz osatu du "disko jostaria" Xabi Strubellek, gitarra akustikoaz eta musika tresna gutxi batzuez lagunduta. Abestien abiapuntu gisa, ipuin bat entzuteko aukera ere ematen du diskoak. Aita Donostiak eta R.M. Azkuek bildutako kantu herrikoien hitzei, berak sortutako doinuak erantsi dizkie Strubellek. Haurrentzako egokiak diren kantuotan (hitz-jolasak, hotsak eta errepikapenak dituzte), esparru horretatik abiatuz, hainbat genero uztartu ditu lanean.
Bestalde, Eneko Haritzak sortu du ipuina, eta diskoarekin batera datorren liburuan jaso du, Strubellen jatorrizko ideian oinarrituta. Hala, Euskal Herriko hiru animalia gorriren abenturak kontatu ditu, katagorri batenak, mantangorri batenak eta txantxangorri batenak, alegia. Zazpi herrialdeetan barrena egindako bidaia honetan, hiru animaliak hainbat lekutako kantak ezagutzen ibiliko dira. Errimaz eta erritmoz egindako narrazioari Ainara Lasak jarri dio ahotsa. Ilustrazioak eta koloreztatzeko marrazkiak, berriz, Bi tanta diseinu agentziako Yoana Figuerasek egin ditu.
Beraz, "lan jostari eta jostagarria" da disko-liburu hau, irakurle txiki eta handiei gauza asko egiteko aukera ematen baitie: ipuinak irakurri, entzun, irudiak ikusi, margotu, abestiak entzun eta abesteko aukera, hain zuzen. Gainera, laster, tailerretan ere lantzeko aukera izango dute; izan ere, Strubellek eta Haritzak 3 eta 8 urte bitarteko umeentzako tailerrak emango dituzte, ikastetxe eta kultur etxeetan.
Aipatutako lanaz gain, haurrentzako beste bi ipuin liburu ere aurkeztu ditu Maluta argitaletxeak: Eneko Haritzak idatzitako "Mari, haitzuloetako dama" eta "Tartalo begibakarra", biek ere haurrek koloreztatzekoak.