The Uski’s. Tximinoen bila.
Elantxobe eta Ibarrangelu herrien artean bizi den taldeak “Tximinotan” izena jarri dio bere disko berriari. Taldea alaia izan da beti, garai bateko rock’n’roll doinu beroak pop melodia biziekin uztartu izan dituzte. Zuzenean ere ez dira atzean geratu, kontzertu dibertigarriak, alaiak eta rockeroak ematen dituzte. Lan honetan ere taldearen doinuak antzeko bidetik doaz.
The Uski’s taldeari (Elantxobe-Ibarrangelu, Bizkaia, 2003) familian abesteko ohiturak eman zion ideia eta hasiera. Anaiak, lehengusuak eta txikitako lagunak lotu dira The Uskí’s taldean alaitasuna emateko musikari. The Uski’s taldearen lehen diskoa –“Itxosun zarati”- 2005ean kaleratu zen. Musika irribarretsua, kantu erakargarriak, melodia errazak, betiko rock and roll arina, eta gustagarria entzun orduko. 2007an, “Barikun” diskoak lehengoaren bidea jorratu zuen. Musika jaiaren dinamika bezala pentsatuta, alaitasuna lau haizetara. The Uski’s taldearen doinuek Euskal Herriko musika serioaren zutabeak bota nahi zituzten hankaz gora. Hirugarrena, “Katuek bezala”, taldearen izena Euskal Herrian zehar gehiago zabaldu zuten.
Orain, taldeak argitaratutako laugarren lana, “Tximinotan”, Mungiako “Musikon” estudioetan grabatu da 2012ko urtarrila eta otsailean. Grabazioa, produkzioa eta nahasketak Iñigo Etxebarrietak (Pitu) egin ditu, orain zortzi urte The Uski’s taldearen lehen teknikaria izan zen, egun Gatibu eta Extremoduro taldeen teknikaria da. Seguraski uda honetan plaza askotan ikusiko dugu The Uski’s taldea bere rock’n’roll doinu alaiak herriz herri zabaltzen.