ERASO! Zarauztarren itzulera
Urte batzuk igaro dira Zarautzeko taldea eskenatokietatik aldendu zela. Orain, berriz bueltan dira “Ez gara inoiz hilko” deitzen den disko berriarekin. Bizirik sentitzeko apustu sendoa, eta hautsak harrotzeko beldurrik ez duena. Aro berri bati eman diote hasiera, zuritik beltzera doana, eta beltzetik zurira. Rock eta metal doinuen artean daude gustura. Eremu horretan, groove pasarte pisutsu eta arinek berebiziko garrantzia irabazi dute. Gogortasuna islatzeko modu asko daude, garrasirik gabe. Gitarra soberan astindu gabe. Abesti indartsuak dira; mezu landuak eta atmosfera bereizgarriak.
Zazpi urte igaro dira bere azkenengo lanetik. Disko berria bere ibilbideko bostgarrena da eta lan berria Zarautzen grabatu dute, Ander Izeta taldekidearen estudioan, eta, ondoren, Usurbileko Hi-Gain estudioan nahastu dute, Haritz Harreguyren gidaritzapean. Diskoa Tolosako Bonberenea zigiluarekin plazaratu dute.
Metak zigiluarekin plazaratzen zituen bere lanak Eraso! taldeak. Euskal Herrian metal eszenan izen pisutsau eduki duen taldea da, hainbat eskenatokitan ikusi izan ditugu Pilt moduko taldeekin batera. Garaiak aldatu direla argi dago, hala ere Eraso! taldeak bere ibilbidean musikarekiko izan duten jarrera fidela argi azaleratzen du disko honetan. Guztira, dozena bat abesti bildu dituzte. Abesti gordinak bezain indartsuak dira, metal pisutsuarekin eta rock azkarrarekin uztartuta.