Lauroba. Rockaren indarra.

Gotzon Uribe

lauroba

Iker eta Haritz Lauroba anaiek sortu zuten taldea 2004.ean, Utikan eta Hamaika bide taldeak (Ikerren aurreko musika taldeak) utzi ondoren. 2005ean maketa batekin aurkeztu zuten taldea, hurrengo urtean Donostiako Pop-Rock lehiaketa irabazi zuten eta, orain arte, bi disko argitaratu dituzte, zein baino zein sendoago eta emankorrago. "Iglu bat basamortuan" dugu euren azken lana, denen artean aurrerakoiena eta harridura gehiena sortzen duena, kontrastatuena eta osatuena, aldi berean.

Kanta gozoak eta biziak konposatzeko erakutsi duten sena da euren "labela". Harmonia zainduaren gainean eta instrumentazio bizigarriak lagunduta, ahotsaren beroak erabat harrapatzen gaitu, soiltasunaren indarraren eraginez.

Disko berriaren grabaketa Pottoko estudioetan egin du taldeak, Fredy Pelaezen laguntza teknikoarekin. Fredyk berak ere parte hartu du grabaketan, akordeoia eta Hammond organoaren interpretazioarekin. Ezinbestekoa suertatu da Fredyren lana, dena ondo ateratzeko. Diskoa kolore anitzekoa da: rock, pop, power-pop... gitarren eta erritmo sailaren arteko kontraste zaporetsuak, une oro, kanta bizien eta zoragarrien zerbitzuan jarrita.

 

 

Gotzon Uribe

2012, Maiatza 22