Capsula. Hastapenetara zuzenean

Gotzon Uribe

capsula

 

Bilbotar taldea azken boladan bertoko rock musikak eman duen talderik interesgarrienetarikoa da. Hirukotea, Coni eta Martin bikoteak sortu zuen taldea Buenos Aires-en, beraien sorterrian Argentinan. Bilbora hurbildu ziren bizitzera aspaldi eta geroztik makina bat eskenatoki zapaldu dituzte eta mundu osoan zehar barrena ibiltzen dira.

Egunotan albiste dugu taldea. Hain zuzen Ekainean berargitaratu dira taldearen aurreneko hiru diskoak: 'Sublime' (1999), 'Yudoka' (2000), 'Capsula' (2002).

Taldearen lehen kantuak, gaztelaniaz eta ingeleraz eginak, argitaratu gabeko abestiak barne, berriz nahastutak eta masterizatutak. Diseinu eta irudimen eraberrituarekin, binilo eta CD euskarrietan erosteko aukera daukagu.

Hirukotearen hastapenak ezagutzeko aukera, bere garaian Bowie-ren "Space Oddity"ren munduarekin lotu eta "Beatles galaktikoak" bezela izendatuak izan zirenak. Orduan, Pescado Rabioso eta Almendra moduko taldeen eragina izan zuten. Azken honen kantu baten bertsioa ere (Color Humano) gehitu dute bonus-track moduan "Sublime" diskoan.

Geure belaunaldiko zuzeneko talde onenetako bat bihurtzeko egitekoa ondo baino hobeto eraman du aurrera Capsula taldeak. Nola Europan hala Amerikan hamaika goraipamen jasota, nekez ahazten da Cápsularen zuzeneko emanaldi bat. Gitarren zurrunbiloak eta kitzikapenak eztanda egiten dute erritmo bizien gainean, agertokian hamar musikari ari balira bezala, une lisergikoak igarotzen ari balira bezala.

Gotzon Uribe

2012, Ekaina 25