Glaucoma. Jamaikar doinuak.

Gotzon Uribe

Glaucoma

Tolosaldetik datorren talde gaztea da Glaukoma. Reggae eta rap doinuak jorratzen dituzte bere estreinekoa den "Vol. 1" diskoan. Boskote moduan azaltzen dira eta 7 abesti plazaratu dituzte.

Jatorria Gipuzkoako herri ezberdinetan duten bost gazte elkartu eta euren kezka musikalak elkarbanatzearen produktua da diskoa. Tolosa, Donostia eta Irun. Bateria, baxua, bi gitarra eta ahotsa, betiko rock formatu klasikoa, baina ez gara ari rock talde batez. Glaukoma Jamaikatik ekarritako doinu eta erritmoen inguruan dabil bueltaka, "azal zuridun beltzak" direlako, eurak dioten bezala. "Erregina da reggaea eta erregea da rap-a". Rap-reggae bezala definitu dezakegu. Ia bi urtebetez hainbat eszenatoki ezberdinetatik pasa eta gero eta "Sputnik 11" izena duen bilduman bi abestirekin parte hartu eta gero, 7 abestiz osatutako lan hau dute aurrenekoa.

Bonberenea Ekintzak zigilupean argitaratua izan da, Bonberenean izan da grabatua, nahastua eta masterizatua Karlos Osinagaren gidaritzapean, 2012ko martxoan. Reggae musika eta rap-a dituzte gidaritzat, nahiz eta estilo honen bizilagun batzuk ere bisitatzen dituzten. Roots, dancehall eta rap giroa "raggamuffin style"-aren barnean. Ingelesez, euskaraz eta gaztelaniaz abesten dituzte bere kantuak.

Gotzon Uribe

2012, Uztaila 24