Igelaren banda bueltan dator
"Preguntatxo bat" izenburua dakar Igelaren Bandaren bigarren diskoak. Etenaldi luze baten ondoren taldea berrituta dator. Gaur egungo taldea Hasier Oleagak (bateria), Amaiur Cajaravillek (kontrabaxua) eta Bixente Martinezek (gitarra) osatzen dute. Talde gaztea eta beteranoa da, era berean, esperientzia eta sen handiko musikariak.
Igelaren Banda berritu hau, aurrekoaren ildo beretik dabil; hau da, euskal kantu edo dantza zaharrak, euskal musika tradizionala oinarri hartuta, bertsio berriak sortzen dituzte. Modu instrumentalean, konponketa eta harmonizazio berriak egiten dituzte, betiere inprobisazioari leku berezia emanez.
Igelaren Banda orain dela dozena bat urte sortu zen, eta 2000. urtean atera zuen bere lehen diskoa. 2008a arte ibili zen hainbat kontzertu ematen Euskal Herri osoan.
Taldearen emanaldiak ez dira, dena dela, musika hutsa. Doinu bakoitzak baitu bere historia, bere jatorria, bere ibilbidea gure kulturaren oroimenean, hala nola, gure baitan ere. Atseginak bezain entretenigarriak dira, beraz, taldearen kontzertuak, sotilak, hurbilak eta aberatsak.
Egunotan Elkar zigiluaren eskutik argitaratuko du taldeak "Preguntatxo bat" izeneko bigarren diskoa, azken urteotan zuzenean erabili duten errepertoriorik aukerakoenaz osaturik, eta eraberriturik.