EMON taldearen Konfeti Koloreak
"Konfeti Kolore" deitzen da Bergarako taldearen disko berria. Bertan, aurreko diskoan azaltzen ziren ska eta rock doinuak badaude, baina oraingo honetan estilo nahasketa areagotu dute, munduko lurralde ezberdinetako doinuez jantzi dutelarik abesti bilduma berria.
Hala ere taldeak aldaketa nabarmenak izan ditu, gehien gailentzen dena Eneko Logarte laguna sartu dela da abeslari eta kitarrajole berri moduan, aurretik taldean zegoen Oihane Sarasola ordezkatuz. Aldaketa honek haize berria ekarri dio taldeari, bai abestiak sortzerako orduan zein diskoak abestiz abesti azaltzen duen oparotasunean. Lan berria, Axular musikariak grabatu eta nahastu du Mutrikuko AME bere estudioan.
Diskoak hainbat kolaboratzaile ditu musika atalean zein hitzetan. "Amets fabrika" abestian La Pegatina taldeko Adriak eta Rubenek ahotsak sartu dituzte. Oier Ponze "Joxpa" pianoan izan da, "Larrosa gorri gorria", "Cantándole una rumba" eta "Dagokizuna" abestietan. Axular Arizmendik perkusioak jo eta programazioak egin ditu. Oihane Sarasolak ahotsak sartu ditu eta Kike Olveirak gitarra flamenkoak. Testuetan bertsolarien hitzak aurkituko ditugu; hala nola, Itxaso Paia, Maialen Arzallus, Iratxe Ibarra, Jokin Uranga eta Iñaki Gurrutxaga.
Emon taldeak testuetan jaia eta konpromisoa uztartu ditu musika erritmo anitzetan murgilduz abestiz abesti; ska, reggae-ska, rumba, cumbia, salsa, tex-mex, rocka, pop-rocka eta mundu latindarreko musikak.
La Pegatina, Muchachito Bombo Infierno, Ojos de Brujo edota Manu Chao moduko erreferentziez gain euskal eszenan ere badaude Emon taldearentzat erreferentzia izan diren artistak, Joxe Ripiau, Esne Beltza edo Fermin Muguruza bera.